Antolatzaileen hitzetan, «bestaren helburu nagusia Bortzirietako euskaltzaleak biltzea da, giro onean eta alaitasunean, eta, hala, elkar ezagutzan sakontzea». Horrezaz gain, «herrien arteko harremanak sakontzea, euskararen egoera ikusaraztea, eta herritarrak aktibatzea» du xede Bor-borrek ekitaldi horren bidez.
Goizean, 10:00etan, Bortzirietako txistularien dianarekin hasiko dira eguneko hitzorduak. 11:00etan herri kirolak eta jokoak eginen dituzte eta 13:00etatik aitzinera Euskara karrikaren bueltan kalejira hasiko da. Bortzirietako trikitilariek eta panderojoleek lagunduta, karrikaz karrika ibiliko dira, antzerkiaren, musikaren, bertsoen eta hitzen bidez euskararen egoera agerraraziz. Karrikako buelta adierazpen bat irakurriz bukatuko da.
14:30ean Etxalarko herriak prestatuko duen asaua izanen da bazkaltzeko. 170 lagun inguru elkartuko dira Etxalarko plazan bazkaltzeko, eta bazkalondoan bingo musikatua eginen dute.
Arratsaldean musikak hartuko du protagonismoa. 17:30ean Jeiki Hadi taldearekin dantzaldia izanen da, 19:30ean Alarma morea taldeak kontzertua emanen du eta 21:00etan Fifi&Fefa DJ lesakarren emanaldia hasiko da. Gisa horretara borobilduko dute Bortzirietako euskaltzaleen besta.
Horrez gain, egun osoan txosna irekia izanen du Bor-borrek, eta afaltzeko tenorean, ogitartekoak jateko aukera izanen da Etxalarko Guraso Elkartearen eskutik.
Autobus zerbitzua Bortzirietan
Antolatzaileek Etxalarko Lorpen lantegiko aparkalekua kotxeentzat egokituko dute eta han aparkatzeko deia egin dute. Arratsaldeko kontzertuetara hurbildu nahi dutenentzat, berriz, autobusak antolatu ditu Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak Bortzirietako bertze lau herrietatik.
Lehenbiziko autobusa 17:00etan aterako da, Arantzatik, eta 17:15ean geldialdia eginen du Igantzin. Beratik 17:45ean aterako da, eta Lesakatik 18:00etan.
| Arantza (Aparkalekua) | Igantzi (Bi-bide) | Etxalar |
|---|---|---|
| 17:00 | 17:15 | 17:30 |
| Bera (Toki Ona, Agerra) | Lesaka (Suhiltzaileen aparkalekua) | Etxalar |
|---|---|---|
| 17:45 | 18:00 | 18:15 |
Itzulerakoak, berriz, 21:00etan eta 23:00etan aterako dira Igantzira eta Arantzara, eta 22:00etan eta 00:00etan Lesakara eta Berara.
| Etxalar (Landaburua) | Igantzi (Bi-bide) | Arantza (Aparkalekua) |
|---|---|---|
| 21:00 | 21:15 | 21:30 |
| 23:00 | 23:15 | 23:30 |
| Etxalar (Landaburua) | Lesaka (Suhiltzaileen aparkalekua) | Bera (Agerra, Toki Ona) |
|---|---|---|
| 22:00 | 22:15 | 22:30 |
| 00:00 | 00:15 | 00:30 |
Joan-etorria bortz euro ordaindu beharko da.