«Gizarte aktiboa behar dugu euskarak dituen erronkei erantzuteko»

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 8a, 13:00

Bor-borreko kideak: Beñat Iratzoki, Nerea Mitxeltorena, Aitor Iratzoki, Mattane Rodriguez, Ander Almandoz eta Jon Abril.

BOR-BOR Bortzirietako Euskaltzaleen Mugimenduko Talde Eragilea 

Bor-borrek antolatuta, Bortz!Eguna eginen dute larunbat honetan, urriaren 12an, Etxalarren. «Euskararen inguruan bortziritarrentzat bilgune eta erreferentzia izanen den eguna» izatea nahi dute.

«Bortzirietako euskaltzaleak elkartzeko, euskararen egoera karrikara ateratzeko, eta bide batez, euskara sentimendu positiboekin lotzeko», Bortz!Eguna edo Bortzirietako Euskaltzaleen Eguna antolatu du Bor-Bor Bortzirietako Euskaltzaleen Mugimenduak. Urriaren 12an egin dute hitzordua Etxalarren eta egun osoko egitaraua prestatu dute.  «Egun ederra» izatea nahi du Bor-borreko Talde Eragileak, «Malerrekako Eguna edo Baztandarren Biltzarra bezala, euskararen inguruan bortziritarrentzat bilgune eta erreferentzia izanen den egun bat».

Taldearen erronkak ere mahai gainean paratu dituzte Bor-borrekoek, eta «euskalgintza soziala berraktibatzea kostatzen» ari dela onartu dute. Euskararen egoerari dagokionez, berriz, «erabilerarekin dugun erronka haundia» aipatu dute, «gero eta gutiago aditzen baita gure karriketan». Argi dute: «Herritarren bulkadarekin egin du aitzinera, neurri haundi batean, euskarak. Eta ditugun erronkei ere hala egin beharko diegu».

2022ko uztailean aurkeztu zenuten  Bor-bor Bortzirietako Euskaltzaleen Mugimendua. Orain artekoaz zer balorazio eginen zenukete? 

Jende aunitzen ekarpenei eta parte hartzeari esker martxan paratzea lortu dugu, ederki joan diren ekimenak ere izan ditugu, baita jendearen babesa sentitu ere. Baina era berean, nahi baino motelago aritu gara. Momentu puntualetarako laguntza lortzen dugu, normalean, baina modu iraunkorrean ariko den talde aktiboak edukitzea da erronka. Oraindik ezagunago egin behar dugu gure lana.

Bortz herrietara ailegatzea lortu du Bor-borrek? 

Herri guztietan erreferentziazko lantaldeak edukitzea ez dugu lortu. Herri guztietan antolatu ditugu ekitaldiak, eta hori da asmoa. Baina tokian tokiko jendea behar da horretarako. Bilerak ere herriz aldatzen ditugu, errazagoa izateko denen parte hartzea. Beharrak eta kezkak ere ez dira berak herri guztietan, eta herri bakoitzean talde iraunkor bat balego, errazago erantzun ahalko genioke bakoitzaren beharrei.

«Ez dugu lortu talde egonkorrak edukitzea, gai zehatz batzuen inguruan lanean ariko direnak»

Zer martxa du Bor-borrek? 

Hilabetero elkartzen garen talde eragile bat gaude, sei lagunez osatua. Talde hori indartu behar da, herri guztiak ez baitaude ordezkatuak. Ez dugu lortu talde egonkorrak edukitzea, gai zehatz batzuen inguruan lanean ariko direnak: hezkuntza, etorri berriak, transmisioa, gazteak… Talde horiek maiztasun batekin bilduko balira, dinamika polit bat lortu ahalko litzateke. Gaur egun, talde eragileko kideok hartu behar dugu guztiaren ardura, eta ezinezkoa da horrelako dinamika bat bortz edo sei lagunen artean lantzea. Aldiz, talde bakoitzak bere dinamika balu, talde eragilearen egitekoa horien koordinazioa egitea litzateke, eta ikuspegi osotua ematea. Momentuz, ez dugu lortu egitura hori osatzea.

Zer ekarpen egiten dio Bor-Borrek Bortzirietako euskalgintzari? 

Euskarak Bortzirietan, Euskal Herri osoan bezala, erronka eta zailtasun handiak ditu, beti izan dituen bezala. Erronka horietako batzuk, gainera, egungo gizarte ereduaren eta teknologiaren eraginez, zein globalizazioaren ondorioz, areagotu egin dira, eta horiei erantzun ahal izateko gizarte aktibo bat behar dugu. Erraterako, Interneteko eduki gehienak erdaraz daude. Guk zerbait eginen dugu horren aitzinean? Sortuko ditugu gureak? Euskara gibelera doan eremuetan, gure kirol taldean, gure elkartean… isilik geldituko gara, edo proposatuko ditugu ekimenak euskara gehiago egiteko, herritarrek kontzientzia hartzeko, dagoen arazoa ikusarazteko? Herritarrak aktibatu behar dira, eta Bor-borrek hor paper garrantzitsua du.

«Benetako mugimendu sozial bat izatea nahi dugu»

Zein dira Bor-borren erronka nagusiak? 

Egituratzea da bat, dudarik gabe. Baina baditugu aunitz. Benetako mugimendu sozial bat izatea, jendeak euskararen egoeraren inguruko kontzientzia hartzea, azken boladan epaitegietatik heldu diren epaiak salatzea, eta euskarak Bortzirietan dituen erronkei erantzuteko gaitasuna izatea: eremu digitalean euskarak duen leku eskasarentzat alternatibak sortzea; aisialdian, eta bereziki kirolean, euskararen erabilera areagotzea; etorri berriei harrera planak egitea, euskararen bidez aukera berriak sortuz; gurasoei seme-alaben euskalduntzean laguntzea; helduok euskaraz bizitzeko aukera gehiago izatea; euskararen egoera larria ikusaraztea….

Zer harreman du Bor-borrek administrazioarekin? 

Bortzirietako Euskara Mankomunitateak euskara batzordeen inguruan egindako hausnarketa prozesu batetik jaio zen Bor-bor. Mugimendu euskaltzalea gara eta autonomiaz jokatzen dugun arren, Bortzirietako Euskara Mankomunitatearekin hartu-emana dugu, eta egiten dugun lana elkarri osatzen saiatzen gara. Herriko Etxeekin puntualagoa da, gehienetan azpiegiturekin lotua, baina hor ere badago lanerako esparru interesgarria, udalek oraindik jarrera aktiboagoa izan dezaten euskararen inguruan. Eta Bortzirietatik kanpo ez gara aritu.

Bor-Bor-eko talde eragileko kideak.

Zergatik antolatu duzue Bortz!Eguna eta zergatik Etxalarren? 

Urteko batzarrean ikusi genuen Bortzirietako euskaltzaleak elkartzeko eta kohesionatzeko beharra zegoela, eta gure egitekoa zela. Euskararen egoera karrikara atera behar genuela, eta bide batez, euskara sentimendu positiboekin lotu, ongi pasatzearekin, komunitatea egitearekin… Belaunaldi arteko harremanak sendotu nahi ditugu, herrien artekoak. Urtero herri batean antolatu nahi genuke. Hasieratik erran genuen Bor-borrek bortz herrietara eramanen zituela ekimenak eta hortik heldu da erabakia. Lesakan egin zen aurkezpena, Beran Bor-borraldiko ekimena… Etxalartarrak prest agertu dira laguntzeko, eta horregatik aukeratu dugu Etxalar.

Nola doaz antolatzeko lanak? 

Apiril hondarrean hasi ginen. Osatu dugu egitaraua, adin guztietako jendearentzat erakargarria. Antolaketak nahiko bideratuak ditugu, eta orain jendea behar dugu: egunean berean parte hartzeko, herri kiroletan, musika jotzen, bazkarian… baita lanerako ere. Egun ederra izatea da helburua, eta Malerrekako Eguna edo Baztandarren Biltzarra bezala, guk ere nahi dugu euskararen inguruan bortziritarrentzat bilgune eta erreferentzia izanen den egun bat eduki.

«Itxuraz, ez dago euskararenganako debekurik, baina itsaso zabal horretan gure hizkuntza urtu egiten da, eta kalteak, kontzientziarik izan ezean, hagitz nabarmenak dira»

«Euskararen egoera larria» ikusarazteko beharra aipatu duzue. Zein da egoera bortz herrietan?

Ingurura begiratuz gero, nahiko txukuna, edo bertze lekuetan baino hobea. Baina gabezia eta traba haundiak daude, bereziki udalez gaindiko administrazioarekin lotutakoetan: medikua, liburutegia, Nafarroako Gobernuaren zerbitzuak…; lan munduan apenas egiten da euskararik lantegietan, ostatuetan apaltzen ari da ezagutza, erabilera, euskarazko musika…; ikus-entzunezkoen eta teknologiarekin loturiko ia gailu guztietan erdarazko edukien kontsumo masiboa normaldua dago, kirolean hutsune haundiak daude… Hezkuntzan ere, Bortzirietako ikastetxeetan A ereduak goraldi haundia izan du azken urteotan, eta Euskal Herriko gainerako tokietan bezala, gurean ere erronka haundia dugu erabilerarekin, gero eta gutiago aditzen baita karriketan. Bortzirietan ikasketak bukatzerakoan ere hainbat ikasketa euskaraz segitzeko eskubidea anitz murrizten da: goi zikloak, ikastaroak online, masterrak… Jakin, Bortzirietako herritar gehienek dakigu euskaraz, erabileran, aldiz, aunitzez ere motelago gabiltza. Gure herriak eta gizartea aldatzen ari da, sare sozialak harremanetarako bideak aldatzen ari dira, globalizazioak bertze gizarte eredu bat ekarri digu, hedabideen kontsumoa ez da orain hamabortz urteko bera, gazteen erreferente sozial eta kultural gehienak ez dira euskarazkoak, eta euskara hagitz ahul dago eremu horietan. Globalizazioarekin etorri diren berrikuntza horietan, itxuraz, ez dago euskararenganako debekurik, baina itsaso zabal horretan gure hizkuntza urtu egiten da, eta kalteak, kontzientziarik izan ezean, hagitz nabarmenak dira.

Zein dira herriz herri indarguneak eta ahulguneak? 

Beran ez bertze lau herrietan, ezagutza handia da, % 80-90etik goitikoa, eta erabilera txukun xamarra, baina baditu hutsuneak. Beran, aldiz, ezagutza eta erabilera aunitzez ere apalagoak dira, eta Bortziritarren ia erdia bertan bizi dela kontuan hartuz, arretaz erreparatu behar diogu. Aldi berean, gabezia handieneko herrietan dago aktibatzeko gaitasun handiagoa. Herri ttikietan, maiz, sentsazioa da dena lortua dagoenarena. Kultur eskaintza, oro har, euskalduna da, ez, ordea gainerako eremuetan. Eremu horietan, gaztelera naturaltasunez mantentzen dela dirudi. Eskola, nagusiki, euskalduna da, baina ez da aski erabileran saltoa emateko… 

«Herritarren bulkadarekin egin du aitzinera, neurri haundi batean, euskarak. Eta ditugun erronkei ere hala egin beharko diegu»

Herritarrak konturatzen gara euskararen egoera zein den? 

Batzuk bai, eta bertze batzuk ez, berdintasunean, krisi klimatikoan edota bertzelako erronka sozialetan bezala. Bada kontzientzia handiko herritar multzo zabala. Herri ekimenari esker, Euskal Herrian eta baita Bortzirietan ere, lortu dugu eskola euskalduntzea, ikastolen sorrerarekin lehenbizi, eta eskola publikoa euskaldunduz gero; martxan paratu ditugu tokiko euskarazko hedabideak, TTIPI-TTAPA kasurako; egungo euskarazko kultur eskaintzak ez du zerikusirik orain dela 40 urtekoarekin; udal administrazioan eragiteko gauza izan gara… Herritarren bulkadarekin egin du aitzinera, neurri haundi batean, euskarak. Eta ditugun erronkei ere hala egin beharko diegu. Administrazioaren lana ezinbertzekoa izanen da, baina ezin dugu dena administrazioaren esku utzi.

Euskarari eta Bortz!Egunari begira, zer mezu emanen  zeniekete bortz herrietako herritarrei? 

Zipriztintzeko euskararekin. Gozatzeko. Kontzientzia astintzeko, eta galbana utzi eta biltzeko euskaltzaleen bestara. Gogoan hartzeko zenbat momentu gozo eman dizkigun gutako bakoitzari euskarak, eta zenbat sentsazio on lotzen ditugun euskararekin. Komunitate bat, bertzeengandik desberdintzen gaituena, elementu kohesionatzailea eta integratzailea dela euskara. Eta erabiliz hartuko duela arnas berria.

Zerbait gaineratuko zenukete?

Ttiki utzi nahi dugula Etxalar urriaren 12an. Eta urriaren 14tik aitzinera hurbiltzeko Bor-borreko lantalderen batera. 

Bortz!Eguna urriaren 12an Etxalarren

Egun osoko egitaraua prestatu dute larunbatera: 

  • 10:00etan diana Bortzirietako txistulariekin.
  • 11:00etan herri kirolak eta jokoak. Herrien arteko lehia.
  • 13:00etan Euskara karrikaren bueltan kalejira. Bortzirietako trikitilariek eta panderojoleek lagunduta.
  • Ondotik adierazpena.
  • 14:30ean herri bazkaria (Asaua) eta ondotik bingoa.
  • 17:30ean dantzaldia Jeiki Hadi taldearekin.
  • 19:30ean Alarma morea taldearen kontzertua.
  • 21:00etan Fifi&Fefa DJen emanaldia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun