Eskolako jardunaldia

Gimenori hor segitzen dutela errateko kanpora atera dira Lesakako eta Etxalarko eskoletako familiak

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 2a, 13:00

Lesakako Irain eskolako hainbat familak egindako elkarretaratzea.

Atzo, eskoletan arratsaldez eskolak ematen hasi ziren lehenbiziko egunean, hainbat eskolatan kontzentrazioak egin zituzten botazio justuaren aldeko familiek.

Gisa honetara, «hor segitzen dugula» adierazi nahi izan zioten Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariari, eta horrekin batera, «hau ez dela gehiengoak aukeratu duena» oroitarazi zioten. Eskualdean, Lesakan eta Etxalarren egin zituzten elkarretaratzeak.

Atzo arratsaldean Etxalarko eskolako atean familiek egindako elkarretaratzea.

Nafarroako Auzitegi Nagusiaren epaia

Steilas sindikatuak aurkeztutako errekurtsoari erantzunez, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak eskolako jardunaldi motak arautzen dituen foru aginduko hiru artikulu baliogabetu ditu. Zehazki, 12.7, 13 eta 14.1 artikuluak baliogabetu ditu, foru aginduak aurreikusitako familien erabakitzeko ahalmenak gorago dauden arauak urratzen» dituela iritzita, hala nola, Hezkuntzako Lege Organikoa (LOE).

Auzitegiko magistratuen ustez, «inpugnatutako foru aginduak ez die inolako erabakitzeko gaitasunik ematen irakasleei eta eskola kontseiluko gainerako kideei, beti ere familiek ez badute aitzinetik aldeko 3/5 boto lortu». Euren hitzetan, «12.7 artikulua, beto familiar moduko bat da prozedurarekin segitzeko eta eskola kontseiluan azken erabakia hartzeko balizko botazio egiteko». Are gehiago: «Erabakitzeko ahalmen hori eta klaustroari aitortutako kontsulta izaera aski bertzelakoak dira», auzitegi nagusiaren arabera. Hori da indargabetutako 13. artikuluaren harira adierazi duena.  

14.1 artikuluari dagokionez, berriz, honela adierazi dute epaileek: «14.1 artikuluak prozesuarekin segitzeko familien aldeko botazio adostuaren beharra berresten du; kontua ez da familien ‘sentimendua’ biltzea, baizik eta haien adostasuna izatea sine qua non baldintza gisa». Hala, auzitegiaren ustez, «nahiz eta eskola kontseiluak behin betiko onarpenerako eskumena izaten segitzen duen, eskumen hori ez da existitzen familiek aitzinetik adostasuna lortu ez badute».

Epaian ageri denez, «familiak, legezko babesik gabe eta oinarrizko eskumenen eta eskumen organikoen kontra, organo erabakitzaile bihurtu ditu foru aginduak, blokeatzeko edo betoa paratzeko gaitasunarekin eta ebazteko ahalmenarekin, eskola kontseiluak erabaki aitzinetik». Horrekin batera, oroitarazi du «eskola kontseilua dela azken erabakia hartzeko eskumena duen organoa, bai LOEn, bai foru aginduan».

Hezkuntza Departamentuak helegitea aurkezteko asmoa du

Nafarroako Hezkuntza Departamentuak, berriz, epailearen erabakiaren kontra helegitea aurkeztuko duela erran du. Erabakia «errespetatzen» duela adierazi du, baina egindako balorazioarekin ez dago ados, eta bere hitzetan, «ez du lege organikoaren agindurik urratu».

Hezkuntza Departamentuak «familien interesa babesteko borondatea» azpimarratu du. Gaineratu duenez, «Departamentuak kontzienteki arautu zuen familiei eta klaustroei kontsulta egiteko prozedura eta eskola kontseiluek ikastetxe bakoitzeko jardunaldi mota onartzea, erabateko autonomiaz erabakia hartzeko, ikasleen eta haien familien edo legezko ordezkarien interesei, beharrei eta ezaugarriei lehentasuna emanez».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun