Urriaren hasieran Etxalarko Usategietako sare bidezko uso harrapaketa tradizionalaren denboraldia hasi da. 600 urte baino gehiago dituen tradizio hau ikusteko bisita gidatuak ere martxan dira. Urtero bezala, urriaren 1etik azaroaren 20ra bitarteko larunbat, igande eta besta egunetan eginen dituzte bisitak.
10:00etan izanen da euskarazko bisita eta 12:00etan gaztelerazkoa. Ordu eta erdi inguruko bisitaren prezioa 5 eurokoa izanen da pertsonako eta 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzat 4 eurokoa. Bisitaz gain, ikus-entzunezko bat ikusi eta sareetako behatokira sartzeko aukera ere badago.
Tradizio hau ezagutzeko, bakoitza bere kabuz sareetara hurbiltzeko aukera dagoen arren, bisita gidatua aukeratzen dutenek, ehiza eremu mugatuan sartzeko aukera izanen dute eta sistemaren xehetasun guztiak ezagutzen dituzten bitartean usoa etorriko balitz, prozesu guztia bertatik bertara ikusiko lukete, beti ere, eguraldia eta zortearen arabera.
Sistema berezi honek, ez du inolako arma beharrik usoak harrapatzeko eta talde lanean egiten da, paleta edo makilekin usoei altuera jautsiz, zatarrekin hauek izutuz eta sareen azpian bizirik harrapatuz. Hainbertze urtez bizirik irauteagatik eta Iberiar penintsulan bakarra izateagatik, tradizio hau gure ondare kulturalaren partaide da eta BIC (Kultur Intereseko Ondare) bezala izendatua dago.
Informazio gehiago berriz, www.etxalar.eus orrian aurkitu daiteke edo Usategietako eguneroko martxa jarraitzeko aukera ere badago, Facebook-eko Palomeras de Etxalar / Etxalarko Usategiak orrian edo Instagramen.