Euskal pilotaren historiari buruzko solasaldia emanen du Tiburtzio Arraztoak irailaren 17an Lesakan

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 16a, 20:00

Tiburtzio Arraztoa adituak emanen du euskal pilotaren historiari buruzko solasaldia astearte arratsaldean.

Euskal Pilotaren historiari buruzko ikusgai da Lesakako Harriondoa kultur etxean irailaren 6tik 17ra. Erakusketa borobiltzeko, irailaren 17an, asteartean 19:00etan, Euskal pilotaren historia zoragarria ezagutu nahi duenak, Tiburtzio Arraztoa adituaren hitzaldia aditzeko aukera izanen du. Nafarroako Pilota Jokoen Kultura Elkarteko, NAPIKEko kide ez ezik, Tiburtzio Arraztoa Laxoa Elkarteko kide ere bada eta pilotari buruzko hainbat liburu eta gida idatziak ditu. Argiñe Ordoki Urkixo Lesakako Udaleko kirol zinegotziak ere parte hartuko du solasaldian.

Nafarroako Pilota Jokoen Kultura Elkarteak (NAPIKE) antolatu du erakusketa, Lesakako Arkupe pilotazale elkartearen, Lesakako Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren laguntzarekin.

Irailaren 6tik 17ra, 10:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 18:30era ikusgai den erakusketan hainbat pilota-joko modalitatetako materialak ezagutzeko aukera izanen da, antzinako diziplinetatik hasi eta gaur egunera arte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun