[ARGAZKIAK] Euskal pilotaren historiari buruzko erakusketa ikusgai da Lesakako komentuan

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 11a, 18:00

Euskal pilotaren historiari buruzko erakusketa ikusgai da Lesakako Harriondoa kultur etxean irailaren 6tik 17ra. Nafarroako Pilota Jokoen Kultura Elkarteak (NAPIKE) antolatu du erakusketa, Lesakako Arkupe pilotazale elkartearen, Lesakako Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren laguntzarekin.

Irailaren 6tik 17ra, 10:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 18:30era ikusgai den erakusketan hainbat pilota-joko modalitatetako materialak ezagutzeko aukera izanen da, antzinako diziplinetatik hasi eta gaur egunera arte.

Pilota partidak larunbat arratsaldean

Erakusketa honekin loturik, Lesakako frontoian pilota partidak ikusteko aukera ere izanen da irailaren 14an, larunbat arratsaldeko bortzetan hasita, Arkupe pilotazale elkartearen eskutik.

Irailaren 17an Tiburtzio Arraztoaren solasaldia

Erakusketa borobiltzeko, irailaren17an, asteartean 19:00etan, Euskal pilotaren historia zoragarria ezagutu nahi duenak, Tiburtzio Arraztoa adituaren hitzaldia aditzeko aukera izanen du. NAPIKEko kide ez ezik, Tiburtzio Arraztoa Laxoa Elkarteko kide ere bada eta pilotari buruzko hainbat liburu eta gida idatziak ditu. Argiñe Ordoki Urkixo Lesakako Udaleko kirol zinegotziak ere parte hartuko du solasaldian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun