Sokatira Eguna antolatu du irailaren 21ean Lesakako Beti Gaztek

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 6a, 20:00

1992tik honat 150 kirolari baino gehiago aritu dira Beti Gazte sokatira taldean.

Koxkontan eginen den bazkarirako txartelak irailaren 14ra arte eskura daitezke

Beti Gazte elkarteak antolatuta Sokatira Eguna izanen dute irailaren 21ean Lesakan. Oraindik egitaraua erabat finkatu gabe badago ere, Koxkonta jatetxean bazkari batean bildu nahi dituzte lehen edo orain sokatirarekin eta, oro har, herri kirolarekin zerikusia izan duen jendea. Halere, bazkari irekia izanen da eta nahi duen guztiak parte har dezake. Bazkarirako txartelak 40 eurotan salgai daude Telletxea eta Xagu liburu dendetan eta irailaren 14ra arte eskura daitezke.

Beti Gazte sokatira taldearentzat urte berezia izan da aurtengoa, 25 urteren ondotik berriz ere munduko txapeldunak izan baitira. «Hori aitzakiatzat hartuta sokatira sale guziak elkartea eta elkarrekin ospatzea gustatuko litzaiguke», dio Beti Gazte sokatira taldearen oharrak. Lehenagotik ere hainbat lesakar arituak ziren sokatiran, baina 1992an Beti Gazteren izenean lehiatzen hasi zirenetik «150 lagun baino gehiago pasa dira taldetik, 80 bat emakume eta 70 gizonezko, eta horiek denei gonbidapena bidali diegu, horiek ditugu zerrendatan sartuak, baina bakarren bat sokatiran aritu eta gonbidapena hartu ez badu, jar dadila gurekin harremanean. Dena den, nahi duen guziak parte har dezake bazkarian, irekia da», aipatu digu Iñigo Altzugarai tiralariak. Bazkariaz aparte, goiz horretan haur eta gaztetxoekin herri kirol proba konbinaturen bat egitea gustatuko litzaieke, baina oraindik ez dute zehaztua.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun