Larunbat arratsaldean jokatuko dute Agerrako bestetan Luis Mari Apeztegiaren omenezko memoriala

Ttipi-Ttapa 2024ko abu. 22a, 15:00

Berako Agerra auzoko bestak ospatuko dituzte asteburuan, eta horren barrenean, larunbatean jokatuko dute Luis Mari Apeztegiaren omenezko krosaren 41. edizioa. Agerrako Besta Batzordeak antolatu du proba, Manttaleren laguntzarekin.

18:00etan hasiko da proba haurren lasterketarekin. Ttikienek 150 metroko distantzia osatu beharko dute, aurrebenjaminek 300 metrokoa, benjaminek 400 metrokoa, alebinek 800 metrokoa eta infantilek 1.200 metrokoa.

Haurren lasterketa bukatuta, 18:30ean helduen txanda izanen da, juniorrena, seniorrena eta beteranoena. Juniorrek 2.900 metro osatu beharko dituzte, bi itzuli auzoko zirkuituari. Emakumezko eta gizonezko seniorrek, aldiz, lau itzuli eman beharko dizkiote zirkuituari, 5.800 metro osatuz.

Izen ematea egunean berean egin beharko da eta debaldekoa izanen da parte hartzaile guztientzat. Proba bukatzean sari banaketa eginen dute.

Bortzirietako Koparen hirugarren lasterketa

Bortzirietako Lasterketa Herrikoien Kopa antolatu du Manttale Mendi Lasterketa Taldeak aurten lehenengoz, eta kopako hirugarren lasterketa izanen da larunbatekoa.

Gaur gaurkoz Ibon Erdozain eta Ane Elzaurdia dira kopako bi liderrak. Erdozain gibeletik gizonezkoetan bigarren sailkatua Gwendal Larque da eta hirugarrena Dani Iparragirre. Emakumezkoetan, aldiz, Ane Elzaurdia da liderra bigarren dira hurrenez hurren Ainara Mendiburu eta Aintzane Goienetxe.

Taldeka Eztakit eta Bortziriak berdinduta daude lidergoan 195 punturekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun