FUTBOLA

Lehen gola egin eta lehen garaipena lortu du Jorge Agirrek Portugalgo futbol ligan

Ttipi-Ttapa 2024ko abu. 20a, 11:00

Jorge Agirre, Gil Vicente taldearekin egindako lehen gola ospatzen. Taldearen lehen garaipena bideratzeko baliagarria izan zen. Argazkia: Gil Vicente Futebol Clube

Galtzen hasi arren, berdintzeko balio izan zuen denboraldiko lehen gola egin zuen lesakarrak eta gero 4-2 irabazi zuen Gil Vicente taldeak

Ez dute aunitzik esperatu behar izan Portugalgo lehen mailako futbol ligan Jorge Agirre lesakarraren lehen gola ikusteko. Astebete lehenago Oportoko Do Dragao zelai mitikoan 3-0 galdu ondotik, Gil Vicente taldeak etxeko lehen partida jokatu zuen abuztuaren 16an, ortziralean, Barcelos hiriko zelaian, AVS taldearen kontra. Kanpoko taldea aitzineratu bazen ere, Jorge Agirrek berdindu zuen partida gol eder batekin. Gerora, Fujimoto japoniarraren hat trickari esker, ligako lehen garaipena ere lortu zuen Gil Vicente taldeak (4-2).

Jorge Agirrerekin solastatu dugu eta «hagitz kontent» dago, bere talde berriaren ligako lehen gola egitearekin eta, gisa horretara, lehen garaipena bideratzearekin. «Niretzat ere lehen gol ofiziala da Gil Vicenterekin eta ea goiti joaten naizen. Galtzen hasi ginen, maldan goiti, baina gola egitea suertatu zitzaidan eta ongi». Gola nola izan zen ere ongi gogoratzen du: «lerro artean baloia ailegatu zitzaidan, biratu eta kontrolak pixka bat alde egin zidan baina baloia ez uzten saiatu nintzen, Tidjany Touréri ailegatu zitzaion baloia eta desmarkea egin nuen, baloia eman zidan area ixkinan eta ez nuen aunitzik pentsatu, fuerte eta lurretik jotzen saiatu nintzen eta sartu zen».

Eskaintza ere badu bere lehen golak Portugalgo ligan: «batez ere gurasoei eta amatxiri eta familiari, baina lagunek ere badakite beraientzat ere badela, beti lagundu naute, mezuak bidaltzen dizkidate eta orokorrean maite dudan jende guztiarentzat. Beraiek badakite zein diren!»

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun