Portugalgo lehen mailako futbol ligan debuta egin du Jorge Agirre lesakarrak

Ttipi-Ttapa 2024ko abu. 16a, 13:00

Jorge Agirre lesakarra (makurtua, eskuinetik lehena) larunbatean Oportoko Do Dragao zelaian, Gil Vicente taldearen hasierako hamaikakoan. Argazkia: Gil Vicente

Gil Vicente taldearekin 3-0 galdu zuen Oporto talde historikoaren kontra

Jorge Agirre De Cespedes futbolariak (Lesaka, 2000-I-5) Portugalgo lehen mailako futbol ligan debuta egin zuen larunbatean. Ez nolanahikoa gainera. Gil Vicente taldeko hasierako hamaikakoan sartu zen aurrelari lesakarra, Oporto talde historikoaren kontra, Do Dragao zelai mitikoan, 50.000 futbolzaleren aitzinean. Emaitza ez zen nahi bezalakoa izan (3-0 galdu zuen), baina gustura gelditu zen egindako lanarekin.

«Aste zaila izan genuen –dio Agirrek– liga hasi baino pare bat egun lehenago lehengo entrenatzailea joan baitzen ustekabean eta berri bat hasi zen, planteamendu berria, arraroa izan zen. Halere, lehen partida izan zen eta hasieran ongi ibili ginen. Baina gero, kontrako penalti bat adierazi ziguten eta hortik aitzinera ezin izan genuen. Hasieran urduri aritu nintzen, niretzat esperientzia berria zen. Inoiz ez nintzen 50.000 ikusleren aitzinean aritua, Deportivo La Coruñaren kontrako partida batean 17.000 zirela uste dut. Baina, hasierako inpresio hori gainditu, kanpokoaz ahantzi eta egin nuen lanarekin kontent gelditu nintzen, partida ona atera zitzaidan».

Oporto taldean Portugalgo selekzioarekin aritzen diren hainbat futbolari izan zituen arerio, baina tartean ez zegoen berriki futbola utzi duen Pepe atzelaria: «Pena pixka bat eman dit, polita izanen litzateke hainbertze urtez hainbat talde handitan aritu den horrelako atzelari baten kontra lehiatzea!», dio. Lesakatik gurasoak ez ezik lagun batzuk ere hurbildu omen ziren Oportora partida ikustera eta horrek ere pozez betetzen du Agirre. «Ilusio handia egin zidan eta indarra eman. Ea orain Lesakatik Portugalgo liga gehixeago segitzen duten eta galoen (oilarren) kamiseta batzuk ikusten diren (oilarra da Gil Vicente taldearen ikurra)».

Jorge Agirre, aurkezpen ofizialean.

Futbolean ttikitan Beti Gazten hasia, baina kadetetako azken urtean Real Sociedad taldeak fitxatu zuen jubeniletan aritzeko. Errealaren bigarren eta hirugarren taldean aritu zen, Mirandesen utzia egon zen, iaz Osasuna Promesasek fitxatu zuen eta orain Portugalgo lehen mailako Gil Vicente taldearekin debut ofiziala egin du. Gustura dago bere ibilbidearekin, baina aitzinera egin nahi du: «Ibilbide zaila izan da. Beti Gaztetik Realera joan nintzenean, Lesakako herri batetik Donostiara bizitzera joateko salto hori, hain gazte egitea zaila izan zen, baina eman beharreko urratsa izan zen, orain nagoen lekuan egoteko. Hiru urterako kontratua dut, lehen mailan debuta eginda nire ametsa bete dudala erraten ahal da, baina ez naiz honekin konformatzen, lehen mailara begira begi aunitz izaten dira eta nork daki, urtebete, bi edo hiruak hemen egin eta futboleko nire ibilbideak nora eramanen nauen».

 

Maila mantentzea helburu

Gil Vicente taldeak, gainera, ehun urte beteko ditu eta mendeurrenaren harira, hainbat jokalari fitxatu ditu, tartean lesakarra hiru denboraldirako. Mendeurreneko urtean izan arren, helburua garbi dutela adierazi digu: «Helburu garbia maila mantentzea da. Egia da orain dela bi denboraldi Conference League jokatu zuela Gil Vicente taldeak, baina sailkapenaren erdialdeko taldea da normalean, Osasuna edo Alaves batekin konparatuko nuke, talde umila, eta hauek bezala, lehen helburua kategoriari eustea da. Gero, emaitza onak ailegatzen badira, igual goiti begiratzen ahal dugu, baina lehenbiziko maila mantendu behar da».

Bide horretan, abuztuaren 16an, gaur arratsean jokatuko dute ligako etxeko lehen partida, Barcelosen, eta «zaleei partida on bat eta garaipena» eskaintzeko gogotsu dago Jorge Agirre: «Etxean gogor egin behar dugu eta irabazten hasi behar dugu hasieratik».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun