Ortzegunean jokatuko dute Berako Gau Lasterketaren X. edizioa

Ttipi-Ttapa 2024ko uzt. 30a, 14:00

Parte hartzeko lasterkariek derrigorrez eraman beharko dute frontala.

Dagoeneko klasiko bat  bihurtu da aurten hamargarren edizioa duen Berako Gau Lasterketa. Besta bezperan egiten dute, abuztuaren 1ean, eta parte hartzaileek zazpi kilometro eta erdiko ibilbidea osatu beharko dute.

Izen ematea uztailaren 3an ireki zuten, eta online egin daiteke esteka honen bidez 1o euro ordainduta. Bihar arte egonen da aukera aitzinetik izena emateko. Hala ere, irteera puntuan ere apuntatzeko ahalko da lasterketan, baina, kasu horretan 12 euro ordaindu beharko dira.

Gehienez ere 200 parte hartzaile izanen dira  eta aitzineko edizioetan bezala frontala erabili beharko da nahitaez parte hartzeko.

Gau krosa 22:00etan hasiko da eta irteera eta helmuga Merkatu Plazan izanen da. Lasterketa amaitzerakoan luntxa izanen da.

Kategoria bakoitzeko lehenengo hiruek sariak izanen dituzte, eta horrez gainera Berako lehenengo bi kuadrillek ere saria dute. Kuadrillak lau korrikalarik osatuko dituzte, eta guttienez emakumezko bat izan beharko da kuadrilla bakoitzean. Irabazlea zein den aukeratzeko talde bakoitzeko lehenengo hiruen postuak hartuko dituzte kontuan, baina helmugara ailegatu beharko dira laurak.

Ibilbidea

7,4 kilometroko distantzia izanen du lasterketak, 300 metro positiboko desnibelarekin. Ondorengo ibilbidea izanen du lasterketak: Altzateko Merkatu Plaza, Altzate karrika, Mukixu, Julio Caro Baroja karrika, Ugalzubia, Matzada, Illekueta, Altzateko plaza, Altzate karrika, Legia, Matzenborda, Ezpondakoborda, Lazarenborda, Plaza Zaharra, Gernikako arbola karrika, Xubixabal, Bidasoa karrika, Espidobaita, (pareko eskaileretatik goituta), Kaxerna, Garmendiko Borda, Haritzalde, Mitxinborda, Garakoetxeko Borda, Sarron, Lamixene, Illekueta, Altzateko Merkatu Plaza.

Bortzirietako Lasteketa Herrikoien Koparako puntuagarria

Manttaleren ekimenez, udan Bortzirietan egiten diren lau lasterketekin Bortzirietako Lasterketa Herrikoien Kopa egiten ari dira. Lau proba puntuagarri izanen dira koparako, eta horietan bigarrena izanen da ortzegunekoa.

Kuadrillen modalitatean parte hartzeko, izena emateko aukera zabalik dago oraindik. Nahi duten Bortzirietako kuadrilla guztiek mezu bat bidali beharko dute manttaletaldea@gmail.com emailera, taldekide guztien izen-abizenekin, abuztuaren 1a baino lehen. Puntuatu ahal izateko, gutxienez kuadrillako hiru kidek hartu beharko dute parte proba bakoitzean, eta lehenengo hiruek puntuatuko dute.

Kuadrilla berekoak ere elkarrekin apuntatzeko aukera izanen da.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun