Bortzirietako Lasterketa Herrikoien Kopa antolatu du lehenengoz Manttale Mendi Lasterketa Taldeak

Ttipi-Ttapa 2024ko uzt. 12a, 16:00

Lizuniagako Igoeran parte hartu zuten lasterkariak, iaz.

Eskualdean antolatzen diren lasterketetan parte hartzea sustatu nahi du Manttalek eta horretarako Bortzirietako Lasterketa Herrikoien Kopa antolatu dute lehenengoz. Alkaiaga Trail, Berako Gau Krosa, Agerrako Krosa eta Lizuniagako Igoera izanen dira kopako lasterketak.

Uztailaren 20an hasiko da kopa eta lau lasterketa izanen ditu. Uztailaren 20a eginen dute lehenengo proba, Alkaiaga Trail; abuztuaren 1ean Berako Gau Krosa; abuztuaren 24an Agerrako Krosa eta urriaren 26an Lizuniagako Igoera.

Bortzirietako Lasterketa Herrikoien Kopak banakako sailkapen orokorra izanen du proba bakoitzaren bukaeran eta parte hartzaile bakoitzari puntuak gehituko zaizkio sailkapen horretan. Horrez gain, kuadrillen sailkapena ere egonen da. Kuadrilla horiek gizonezkoenak, emakumezkoenak eta mistoak izan daitezke.

Kuadrillaka parte hartu nahi dutenek, kide bakoitzaren izena eta abizenak bidali beharko dituzte uztailaren 20a baino lehen manttaletaldea@gmail.com helbidera. Gainera, puntuak lortzeko, guttienez kuadrillako hiruk parte hartu beharko dute, eta kontuan hartuko dira kuadrilla bakoitzeko lehen hiru sailkatuak. Kuadrilla bakoitzak gutxienez hiru lasterketetan parte hartu beharko du.

Koparen bukaeran, Lizuniagako Igoeraren ondotik saria banatuko dituzte kategoria bakoitzeko lehen sailkatuentzako eta kuadrilla irabazleentzako.

Gau Krosean kenduta, bertze hiru lasterketetan, 16 urtetik beherakoentzako probak antolatuko dituzte, eta hiru probetan parte hartzen dutenentzat saria ere izanen dira.

Alkaiaga Trailen aldaketa

Orain arte errelebokako lasterketa izan da Alkaiaga Trail, eta parte hartzaileek taldeka parte hartzen zuten, bi gizonezkok eta emakumezko batek taldea osatuz. Aurten, ordea, aldatu egin dute proba eta banakakoa izanen da. Parte hartzaileek 7 kilometroko bidea osatu beharko dute auzoan barna.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun