Bestak 2024

Alkaiagako bestak ospatuko dituzte larunbatean eta igandean

Igandean auzotarren bazkaria izanen dute bertsolariek girotuta.

Alkaiagako auzotarrek uztailaren 20an eta 21ean, larunbatean eta igandean, ospatuko dituzte auzoko bestak. Bi egunetarako egitarau bete-betea antolatu dute. 

Bestak larunbatean hasiko dira, uztailaren 20an,  Alkaiaga Trail lasterketarekin. 17:00etan haurren lasterketa eginen dute. 14 urtetik beherako gazteek parte hartzen ahalko dute eta hiru kilometroko ibilbidea osatu beharko dute. Ondotik, 17:30ean hasiko da helduen lasterketa, zazapi kilometrokoa. Azken urteetan erreleboka egin badute ere, aurten, banakako lasterketa izanen da. Izen ematea aitzinetik egiten ahal da alkaiaga@hotmail.com helbidera idatzita, Zazpi euroko prezioa du, eta prezio horretan sartzen dira lasterketa ondotik banatuko duten bokata eta baita istripuen kontrako asegurua ere. 

Lasterketaren ondotik, 19:00etan, botako dute suziria eta segidan Gure Txokoako dantzarien saioa izanen da. Hori bukatzean, Lesakako gaitariak ariko dira giroa berotzen. Eguna borobiltzeko 20:30ean erromeria izanen da Imanol Intxausti eta Iñaki Larrañagaren eskutik, eta atsedenaldian afaltzeko bokatak izanen dituzte. 

Igandean gehiago

Biharamunean, uztailaren 21ean, igandean, izanen du segida bestak. 10:00etan pilota partidak izanen dira frontoian. Ondotik, 12:30ean auzoko meza eginen dute plazan, eta meza ondotik Ekhiñe Zapiain beratarra eta Josu Sanjurjo lesakarra ariko dira bertsotan. 

Bertsolarien ondotik, auzotarren bazkaria eginen dute 14:30ean karpan eta Fer eta Beñat musikariak ariko dira giroa alaitzen. Bestak bukatzeko, zumba saioa eginen dute auzotarrek. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun