Asteburuko eraso matxistaren aurkako elkarretaratzera deitu du gaur Xulufrinak Lesakako sare feministak

Ttipi-Ttapa 2024ko uzt. 2a, 07:00

Berriz ere eraso matxista baten kontrako elkarretaratzea deitu behar izan dute Lesakan.

Aski da! Eraso matxistarik ez! goiburupean elkarretaratzera deitu du Xulufrinak Lesakako Sare Feministak uztailaren 2an, asteartean 19:00etan Lesakako Plaza Zaharrean. Lesakako Udalak ere elkarretaratze honekin bat egin du.

Gertakari honen harira deitutako protesta eta gaitzespenekin bat egin eta herritarrei horietan parte hartzeko deia egin die Lesakako Udalak. Adierazpen instituzionala ere egin du udalak.

Herrian izandako eraso matxistaren aurrean adierazpen instituzionala

Eraso matxista baten berri izanda, zeinarekiko errespetu osoa eskatzen dugun, Lesakako Udalak ondokoa adierazten du:

- Emakumeen kontrako indarkeria giza eskubideen bortxaketa larria da. Emakumeengan kalte fisiko, psikologiko edo ekonomikoa (mehatxuak, behartzea edo askatasun mugatze arbitrarioa barne) sortu edo sor dezaketen bortizkeria kasu guztiak biltzen ditu. Bortizkeria horiek esparru publiko zein pribatuan gauzatzen dira, eta edozein mailatan: familian, lan eremuan edo gizartean.

- Emakumeen kontrako indarkeria ezin da gertaera isolatu edo ez ohikoa balitz bezala ulertu, ez bada egunero eta gizarte klase zein munduko toki guztietan gertatzen diren gizonen eta emakumeen arteko ezberdintasunetan oinarritzen den egiturazko arazoa. Indarkeria honen biktimak emakumeak eta neskak dira, zeintzuk emakume izate hutsagatik, euren bizitzen edozein momentuan bortxatuak eta diskriminatuak diren.

- Berdintasunean oinarritutako eta bidezkoa izanen den gizarte bat eraikitzeko lanean segitzea beharrezkoa da, eta erakunde publikoak horren erantzuleak gara. Horregatik guztiagatik, onartzen du:

  • Herritarrei emakumeen kontrako edonolako indarkeriaren aurrean bere gaitzespenik irmoena adieraztea.
  • Erasoa sufritu duen emakumeari bere babes eta elkartasunik zintzoena helaraztea.
  • Herritarrei 'zero tolerantzia eta zero inpunitatea' jarrerari eusteko deia egiten zaio, elkarretaratzearekin bat egiten dugu.

Gertakari honen harira deitzen diren protesta eta gaitzespenekin bat egitea eta herritarrak horietan parte hartzera animatzen ditugu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun