1974-75 ikasturtean abiatu zen Tantirumairu ikastola, zazpi ikaslerekin. «Hori izan zen abiapuntua –diote batzordeko kideek–, eta lehen mugarri garrantzitsua 1988ko Nafarroa Oinez izan zen. Horrek ekarri zuen Otxogorrienea eraikina erabat berritzea, lehen herrian barna sakabanatuak zeuden ikasgelak eraikin horretan bateratzea eta 1991n, legeztapena. Horrek, bai ekonomikoki, baita familientzat ere, lasaitasuna eta segurtasuna ekarri zuen. 2017ko Nafarroa Oinez ere garrantzitsua izan zen, horrek ekarri baitu Intxaurrenea, bigarren egoitza, eraiki ahal izatea eta bi urteko gelaren legeztapena. Tartean, 25. urteurreneko ospakizuna ere gogoratu beharko genuke, liburua argitaratu zen eta ospakizun polita izan zen. 25+25, ailegatu gara 50era».
Mende erdia hainbat ekitaldirekin ospatu dute eta balorazio hagitz ona egin dute: «Urte guztia borobildu nahi izan dugu eta ekitaldi bakoitzean begirada talde batengan paratu dugu. Hiru ekitaldi nagusi egin dira eta bakoitzean talde bat izan da protagonista. Ikasturte hasieran, urrian, Intxaurrenea eta Tantaia aurkeztu genituen eta lehendabiziko guraso eta bazkide sortzaileak izan genituen gogoan, haiek izan zuten indarra eta adorea hau sortzeko. Tantaiak irudikatzen du elkarlanean eraikitako zerbait, deus ere ez dagoen toki batetik altxatutakoa, proiektu bat, amets bat izan daitekeena. Enbor horretatik adarrak atera ziren eta, horregatik, apirilean ikasle ohiak izan ziren protagonista eta ikasturte bukaerako jaialdian eta bazkarian, gaur egungo ikasle eta familiak, azken adaxkak. Balorazio hagitz positiboa egiten dugu, batzordearekin elkarlanean talde bat aritu da ekitaldi hauek antolatzen. Gauza xumeak izan dira, baina bihotzera iristen direnak. Sorkuntza lan bikaina egin dute eta hagitz eskertuak gaude. Parte-hartze handia izan da eta hagitz ospakizun politak izan dira».
San Joan sua eta txupinazoa
50. urteurreneko ospakizunak ikasturte bukaerako jaialdiarekin bukatuko zirela uste zuten, «baina badirudi herriak ere bertze zerbait eskaini digula», aipatu digute. «San Joan sua piztearena erabat lotzen dugu euskararekin eta gure burua ere hala sentitzen dugu, euskararen transmisio lan horretan eta errekonozimendu bat bezala hartu dugu. Eta txupinazoarena, herri mailan, kulturan, herrigintzan… egindakoaren aitortza bezala». Ilusio handiarekin hartu dute eskaintza, «ohore bat da, urte aunitzetako lan aunitzi egiten zaion errekonozimendua da. Bai San Joan bezperakoa, baita sanferminetako txupinazokoa, sentitzen dugu 50 urtetako lana saritzen dela. Orduan, moduren batean nahiko genuke ordezkatu 50 urte horietako ibilbidea eta horretan saiatuko gara. Ikastolako komunitate guztia ordezkatua sentitzea nahi dugu».
«Mende erdian egindako lana saritzen dela sentitzen dugu»
Jende horrek guztiak, bakoitzak sanferminak bizitzeko bere modua izan du, baina urterik urte ikastolak sanferminetan paratzen duen ostatuan lanean bildu dira gehienak. Aurten ere ez dute hutsik eginen: «Horren ardura bosgarren eta seigarren mailako gurasoek eramaten dute eta aurten ere, azken bizpahiru urtetan bezala, ikastolaren ostatua frontoian izanen da. Jakin badakigu ekonomikoki diru-sarrera bat suposatzen duela ostatuak, baina gero, egia da, guretzat garrantzitsuagoak diren bertze onura batzuk ikusten dizkiogula ostatuari: hor badugu elkargune bat, badakigu non dagoen, euskarari eta euskarazko musikari arnasgune bat eskaini nahi diogu, garai bateko eta oraingo familiak non elkar gaitezkeen… Sanferminetan ikastolaren presentzia baloratzen dugu, ekonomikoki bai, baina batez ere elkargune hori baloratzen dugu. Egia da denontzat lana dela, baina auzolanari alderdi positibo aunitz ikusten dizkiogu, batez ere, gure seme-alaben eredua hor dagoelako. Gaur egun guraso diren aunitzek beraien gurasoengandik ikasi duten zerbait da eta hori baloratzen dute eta hori nahi dute beraien seme-alabentzako ere».
Bukatzeko, «herriari hagitz eskertuak» daudela azpimarratu nahi dute, «horrelako aukera, ohorea eta ardura eman digulako».