Bestak 2024

«Herri besten izaera da Lesakako sanferminei indarra ematen diena»

Ttipi-Ttapa 2024ko uzt. 3a, 15:00

Eneko Fernandez udaleko kultur eta kirol zinegotziak aipatu digunez, 100.000 euroko aurrekontua izanen dute aurtengo Lesakako sanferminek.

Eneko FERNANDEZ MARITXALAR, Lesakako udaleko kultur eta kirol zinegotzia

Lan handia izaten da Lesakako Herriko Etxean ere sanferminak antolatzea, Eneko Fernandez zinegotziak aipatu digunez: «Bortz eguneko egitaraua (aurten 6 egunekoa) duten besta batzuk ekitaldi ugariz elikatu behar dira eta horrek antolaketan lan handia egitea suposatzen du. Programak ez du aldaketa handirik izaten urtetik urtera baina gauza guztiak denborarekin lotzea komeni da. Urtarril aldera martxan jartzen gara aukerak baloratuz eta lehenengo urratsak emanez. Normalean Besta Batzorde irekia martxo-apiril aldera deitzen dugu, egitarauarekin lotutako alorrak aipatzeko, batik bat. Ohartu gara beranduegi dela zenbait gauza antolatzeko (musika talde gehienek ordurako kontzertuak lotuta dituzte…)  eta datorren urtean Besta Batzordea ere urtarrilean hasiko da lanean».

100.000 euroko aurrekontua

Aurten 100.000 euro inguruko aurrekontua izanen dute Sanfermin guztietarako (programazioa, garbiketa, komunen alokairua… dena barne), «iazko urtearekin konparatuta gorakada bat eman da, 10.000 euro ingurukoa, kontuan izanik aurten egun bat gehiago dugula, uztailaren 5ean hasiko baitira bestak Tantirumairu Dantza taldearen emanaldiarekin eta Rock kontzertuarekin». Diruak baldintzatzen du ekar daitezkeen taldeak edo ekitaldiak, «baina ez zait iruditzen sanferminen xarma horretan oinarritzen denik –dio kultur zinegotziak–. Zerbaitengatik ezagunak badira Lesakako bestak herri giroarengatik da, herri besten izaera da sanferminei indarra ematen diena. Eta hori presente dagoen bitartean, ikuskizun edo musika taldeen katxea bigarren maila batean gelditzen da». Aldaketaren bat ere bada programan eta gaiteroen dianek izanen dituzten ibilbide ezberdinez gain («orokorrean, saiatu gara musika taldeen ibilbide guztien ordutegiak programan zehazten, jendeak jakin dezan une bakoitzean non barna non dagoen talde bakoitza, gutti goiti beheiti»), bertze bi berrikuntza nabarmendu ditu Fernandezek: «Larrain dantza herrikoia izanen da uztailaren 7an, 21.00etan, bertso saioaren ondotik. Eta bertzetik, uztailaren 9an zezensuzkoaz gozatzeko aukera edukiko dugu».

«Saiatu gara musika taldeen ibilbide guztien ordutegiak programan zehazten, jendeak jakin dezan une bakoitzean non dagoen talde bakoitza»

 

Bertsotan eta ezpatadantzari

San Fermin egunean lau aldiz ezpata dantzari ateratakoa da Fernandez, «eta esperientzia bereziki polita eta hunkigarria iruditu zitzaidan, herriko gazte guztiek, salbuespenik gabe, noizbait disfrutatu beharko luketena». Bertsolaria ere bada, eta uztailaren 7ko plazako saioak egitarauan bere lekua egin duela eta harrera ona izaten duela nabarmendu du: «Egun berezia da San Fermin Eguna baina urteetako lanari esker lortu da bertsoak ere bere espazio propioa izatea bestetan. Nik, oker ez banago, lau aldiz kantatu dut sanferminetako saioan. Berezia da herritarren aitzinean kantatzea, San Fermin egunean… Aitzineko egunean pixka bat zaintzea ere eskatzen du eta bezpera eguna izanik, ez da erreza izaten. Baina nik kantatutako bertso saioen oroitzapen ederrak ditut». Oinak Bidean bertso ibilbidea ere bultzatu du Eneko Fernandezek, Irain eskolako irakasle eta kultur zinegotzi den neurrian eta hagitz kontent dago egindako lanarekin: « Lesakako altxorra den bertsolaritzari buruzko lan ederra egin da, denontzat eskuragarri dagoena. Eta horrekin batera, mendi ibilbide polit bat osatzeko aukera eduki dugu. Lana ez dago bukatuta, grabazio gehiago falta dira, bertsolari gehiago txertatzea… pixkanaka osatzen joanen gara. Baina harrera ona izan du bertako zein kanpokoen partetik, zabalkundea ere Euskal Telebistako Hitzetik Hortzera saioaren bidez… Jendeak disfrutatu dezan hor geldituko da gerora ere.

Eneko Fernandez, Peñen eguneko bazkarian, Latsaga peñako lagunekin.

 

Herri giroa gustuko

Sanferminzalea ere bada, noski, , baina «egia erran, ez naiz ekitaldi konkretuen zale handiegia izan. Herri giroa da gustuko dudana eta besta egiteko edozein momentu da egokia. Orain zinegotzi izanik badira zenbait ekitaldi ezinbertzeko bihurtu zaizkidanak baina orain arte ez nintzen bertara joatearen zaleegia». Hori bai, «gustatzen zaizkit bertako giroa, gustuko dut aste tarteko giro herrikoia baina gustuko dut, era berean, asteburuetan etortzen den jende oldea eta sortzen den giroa. Latsaga peñako kide naiz eta egunik gustukoena ere hori da niretzat, Peñen eguna. Goizean elkartu, betizuen ondoren falta zaizkigun peñakideen omenezko brindisa, Arranon bazkaria, peñen jaitsiera… eta gero ahal duenak ahal duena. Beti da berezia». Uztailaren 10a izaten da hondar eguna Lesakan, baina ez da beti ‘Gaixoa Ni’ kantatzera ailegatzen eta ez du beti Iruñera joanez bestarekin segitzeko indarrik: «Urtearen arabera. Adinak ez du barkatzen eta uztailaren 6, 7 eta 8a topera disfrutatu ondotik, zail egiten da indarrak atera eta azken egunera arte iristea. Iaz aukera hori eduki nuen eta egia erran, hagitz egun polita izan zen. Herri bazkaria dago, Txakaingo jaitsiera, Puro Relajo Plaza Zaharrean eta Gaixoa Ni bukatzeko, egitarau zabala eta interesgarria bestei bukaera emateko. Hori osorik burutuz gero, ez dut uste Iruñera besta egitera joateko indar gehiegi edukiko dudanik (kar, kar, kar…)

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun