Bestak 2024

«Janzkera zuzena nahi genuke bestetako danborrada guztietan»

Ttipi-Ttapa 2024ko uzt. 3a, 16:00

Amaia Telletxea, San Fermin bezperako danborrada zuzentzen.

Amaia TELLETXEA MENDIGUTXIA, danborradako zuzendaria

«Hiru danborretako zuzendariak, bezperakoa, peñen egunekoa eta haurren danborradakoa, udalarekin elkartu gara eta janzkeraren zuzentasunari buelta bat ematea beharrezkoa dela ikusi dugu. Ez dugu deus berririk eskatzeko asmorik, erabili behar den arropa zein den oroitaraztea adostu dugu, bertzerik ez», aipatu digu 2016tik bezperako danborrada zuzentzen duen Amaia Telletxeak.

«Dantzariak bere janzkera, peña bakoitzak bere blusa eta buruhaundiek beraien mozorroa duten moduan, danborradan parte hartzen dugunok ere badugu gure uniformea, bertzeak bezain beharrezkoa. Danborrada parte hartu nahi duen guziarentzat irekia da, goazen denen artean zaindu eta errespetatzera», dio.

Eta zein da bada, janzkera egokia? «Garai batean gizonezkoek galtza xuri luzeak jartzen zituzten eta lehenbiziko emakumeak gona tolesdunarekin ateratzen ziren. Orain kontua ez da hain zorrotza. Soineko, kamiseta, galtza, gona… nahi dena ibil daiteke, baina erabat xuria, hori bai. Sokak, faja, painulu eta boneta gorriak jantzi behar dira. Danborrak ere Lesakako estilokoa behar luke: baxua eta xabala».

Halere, garbi utzi nahi du aholkuak direla: «Ekintza herrikoia eta irekia izanik, jendeak parte hartzea da garrantzitsuena. Orain ari garen bezala, urtero 200 danbor inguruk parte hartzen dute bezperako danborradan, ze polita! Halere, ez dugu ahantzi behar ohiturazko ekitaldi bat izanik, badituela bere arauak eta errespetatzen saiatu behar garela».

 

«Seriotasuna baino gehiago, fundamentua»

Seriotasuna baino gehiago, fundamentua nahi dute: «Bezpera eguna da, denak bestarako gogo handiarekin egoten gara eta aunitz bazkaritik heldu gara danborradara. Alaitasuna, emozioa, gogoa, urduritasuna, eszitazioa… nabaritzen da giroan, ez seriotasuna. Baina horrek ez du erran nahi fundamentuz egin ez daitekeenik. Goazen ohiturari bere garrantzia ematera, zaintzera: programazioko bertze ekitaldien artean bere espazioa eskaintzera, gainjarri gabe, danborra behar bezala jotzera eta, nola ez, janzkera egokia erabiltzera. Ez badugu zaindu nahi zertarako egiten dugu?».

Peñen eguneko danborrada, normalean ez da bezperakoak bezain formala izaten, baina halere bere garrantzia eman behar zaiola uste du Amaia Telletxeak: «Peñen eguna, orokorrean, aurreko bi egunak baino informalagoa da. Eta danborradari ere gauza bera gertatzen zaio. Erraldoi eta buruhandiek ez dute parte hartzen, ezta Lesakako Musika Bandak ere. Ibilbidea luzeagoa da, pausatuagoa, goizean-goiz ateratzen da aurreko bi besta egunei aurre eginez, ostatuz-ostatu joaten da txarangaren laguntzaz… Bertze giro bat du. Baina horrek ere ez du erran nahi bere neurriko garrantzia eta formaltasuna eman behar ez zaionik. Xuriz jantzirik, blusa soinean eramanda eta painulua paratuarekin parte hartu behar da. Horixe da danborradaren grazia. Ez badugu graziarekin egiten bertze herri bateko bestak direla iduriko dute, eta ez Lesakako sanferminak!».

Bukatzeko, partizipaziorako deia egiten du Telletxeak, «danborradetan zein bestetako bertze ekitaldietan parte hartzera animatu!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun