Igandeko margo lehiaketarekin eta argazki rallyarekin borobildu da Beti Gazteren Astea, baina bertze hainbat ekitaldi izan dira asteburu osoan. Ortziralean, herri kirola ezagutzeko saioa izan zen Beti Gazte sokatira taldearen eskutik eta Ezagutu Dezagun Lesaka eta Lesakako Bitxikeriak lehiaketetako sariak ere banatu zituzten.
Ezagutu Dezagun Lesaka lehiaketan herriko Lehen Hezkuntzako ikasleek parte hartzen dute eta herriari buruzko galderei erantzun behar izaten diete. A mailan, Lesakako Izarrak taldeak (Martxel Criado, Oihan Gajate eta Xabat Gajate) lortu du lehen saria, bigarrena Ibanke taldeak (Ibon Zelaieta, Aner Fagoaga eta Kemen Telletxea) eta Ortzadar taldeak (Oskia Telletxea eta Miren Garcia) hirugarrena. B mailan, Libe Irigoienek lortu du lehen saria, Olaia Irigoienek bigarrena eta Aitor Mutuberriak hirugarrena. C mailan, Maria Alzugaraik lortu du lehen saria, Eneritz Etxeparek bigarrena eta Oier Deskargak hirugarrena.
Lesakako Bitxikeriak, lehiaketak, berriz, laugarren edizioa bete du eta jende guztiari irekia dago. Aurtengoan, Lesakako pertsona ezagunei buruzko hamasei galdera erantzun behar izan dituzte parte-hartzaileek. Lehen saria (lau lagunentzako otordua Kasinon) Aloña Etxarte Telletxeak lortu du; bigarren saria (Lesakako komertzioetan gastatzeko 100 euroko txartela) Izaskun Igoa Zigandak eta hirugarren saria (Otxuneko gazta bat) Jasone Telletea Maritxalarrek. Parte hartu dutenen artean Otxuneko gazta bat zozketatu dute eta Mari Lourdes Ayneto Telletxeari egokitu zaio.
Beti Gazteren Eguna larunbatean
Larunbatean, Beti Gazteren Eguna izan zen. Goizean Frainera igo ziren mendizaleak, futbol partida izan zen Mastegin eta eguraldiagatik frontoian egin zen bazkari herrikoiak 155 lagun bildu zituen. Urteko tiralari eta futbol jokalari erregularrenei sariak eman zitzaizkien. Sokatiran, Ainhoa Ubiria eta Ander Mitxelena izan ziren saridunak eta futbolean, Izaro Aldabe (emakumezkoen ohorezko maila), Iñigo Etxegarai (gizonezkoen ohorezko maila) eta Josu Zubieta (jubenilak). Horretaz gain, joskintza tailerreko kideek ere Mari Yepes eta Begoña Alava irakasleak omendu zituzten oroigarri banarekin. Joskintza tailerrekoek Mastegi zelairako kornerreko banderin berriak josi dituzte. Bazkalondoan bingoa egin zen (Mayi Arriolak lerroa egin zuen eta Jon Zabalak bingoa). DJ Fifi&Fefaren musikarekin borobildu zuten arratsaldea.
Igandean, XI. Margo lehiaketaz eta VIII. argazki rallyaz gain, Beti Gazte kantari aritu zen goizean eta Beti Gazteko lerro dantzako taldeak ere emanaldia eskaini zuen.