Bestak 2024

Lesakako bestetako programan artikuluak idaztera animatu du udalak

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 10a, 10:30

Programan, egitarauarekin batera, artikuluak ere argitaratuko ditu aurten Lesakako Udalak.

Sanferminetako programan, bestetako egitarauarekin batera artikuluak idaztera animatu nahi du Lesakako Udalak. Lanak nahi den gai eta luzerakoak izaten ahal dira, eta aurkezteko epea maiatzaren 20an, astelehenean 13:00etan, bukatuko da. Lanak, posta elektronikoz kultura@lesaka.eus helbidera bidaltzen ahal dira; bertzenaz, zuzenean Lesakako Udalara eraman.

Lesakako Udalak aunitz eskertuko luke, ahal izanez gero, lanak formatu digitalean aurkeztuko balira. Leku arazoengatik aurkeztutako testu guztiak sartzea ezinezkoa baldin bada, euskaraz idatzitakoek izanen dute lehentasuna. Testuak euskaraz idaztera animatu du Lesakako Udalak. Lesakako Udalak testuak itzuli ahal izanen ditu, euskaraz argitaratuak izateko.

Testuarekin batera egilearen izen-abizenak eta nortasun agiria (azken hau ez da testuan agertuko) bidali beharko dira nahitaez. Hauekin batera goitizenak paratu ahalko dira baina, betiere, izen-deiturak paratuz gero. Elkarte edota erakunde baten izenean idazten denean hauen izena paratuko da, baina beti erakunde horren izenean norbaitek sinatu beharko du.

Luzera: gehienez ere bi orrialde (DIN A4an) entregatzen ahal dira.

Jorratzen ahal diren gaiak: herriarekin erlazionatuak izan behar dute, bere historiarekin, antzinako herriko bestekin, kultur edo kirol eragileak (kultur taldeak, kirol ekitaldiak, ikastetxeak, etab.), herriko ekimenak eta mugimendua, ospakizunak eta urteurrenak, xokoak, ohiturak, data edota aipamen bereziak, herriko pertsonaia ezagunak, oroimenak eta eskerrak.

Idatziak irudi edo argazkiz lagunduak joaten ahal dira. Ez da onartuko pertsona edo talderen bat mindu edo irain dezakeen testurik, eta Lesakako Udalak testu horiek baztertzeko eskumen osoa du. Lesakako Udalak ez du zertan bat etorri behar argitaratutako iritziekin.

Gogoratu behar da Lesakako bestetako kartel eta programaren azal eta gibeleko azal lehiaketara lanak aurkezteko epea maiatzaren 17an bukatuko dela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun