Euskal Irudigileen Elkartearen erakusketa eta 'Ni ez naiz Mikel Laboa' komikiaren aurkezpena aste honetan Beran

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 7a, 09:00

Joseba Larratxe komikigintzari buruzko ikastaroa ematen.

Berako Udalak Komikialdia antolatu du aurten lehenengoz Beran. Komikiaren inguruko zikloa da Komikialdia, eta aste honetan eta hurrengoan izanen dira ekitaldi nagusiak. Azken asteetan, aldiz, komikigintza lantzen ibili dira herriko lau ikastetxetako ikasleak Joseba Larratxeren laguntzarekin.

Ortzegunean, Joseba Larratxe Berazadi komikigileak Ni ez naiz Mikel Laboa komikiaren aurkezpena eginen du 18:30ean Beralandetan. Harkaitz Cano eta Unai Iturriagarekin batera ondu du lana Larratxek, eta Euskadi Literatura Saria eman zioten iaz. Aurkezpenean, komikia egiteko prozesua nolakoa izan den azalduko du komikigileak. Solasaldia musikaz girotzen Estitxu Pinatxo eta Petti abeslari beratarrak ariko dira.

Ortzeguneko aurkezpenaz gain, Euskal Irudigileen elkartearen Euskal Irudigileak 20 urte erakusketa ikusteko aukera izanen da egun hauetan Beran. Herriko ikastetxeetako ikasleak aste honetan eta hurrengoan izanen dira erakusketa ikusten. Horrez gain, herritar guzientzako irekia egonen da ortzirale honetan eta hurrengoan, maiatzaren 10ean 17an 16:30etik 18:30era, eta larunbat honetan eta hurrengoan, maiatzaren 11 eta 18, 11:00etatik 13:00etara. 

Erakusketan, herriko lau ikastetxetako ikasleek Joseba Larratxerekin egindako komiki tailerrean egindako lanak ikusteko aukera ere izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun