Iñaki Olano eta Maddalen Jimenez nagusitu dira Berako Mendi Maratoi Erdian

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 15a, 11:00

Beroa protagonista zela egin zuten Beran atzo Mendi Maratoi Erdiaren 18. edizioa. Gizonezkoetan lehen parte hartzea zuen Iñaki Olano altzotarra nagusitu zen. Emakumezkoetan, aldiz, lehenengoz beratar batek irabazi zuen, Maddalen Jimenez Andresek.

Argazkiak: Ane Molinero, Ainhoa Larretxea eta Arantza Agirre.

Iñaki Olanok 1.44.53ko denbora osatu zuen, errekorretik urruti. Bigarren postuan Damien San Martin sailkatu zen bi minutu eta hamar segundura (1.46.33) eta hirugarren postuan Xabier Macias (1.47.20). Hodei Lujanbio goizuetarra gelditu zen laugarren postuan, eta Josu Urrestarazu borzgarren postuan.

Damien San Martin lehen postuan iritsi zen Manttalera, eta ondotik lehen hiru lasterkariak segundo guttiren aldearekin ailegatu ziren Larhungo kaskora. Hala, jaitsieran erabaki zen irabazlea zein izanen zen.

Emakumezkoetan, aldiz, lehenengoz beratar bat gailendu zen: Maddalen Jimenez Andres. 2.12.17 behar izan zituen ibilbidea osatzeko. Bigarren postuan Itxaro Zabaleta leitzarra ailegatu zen (2.14.09), eta hirugarren postuan Maud Combarieu. Irene Artazcoz izan zen laugarrena eta borzgarrena, aldiz, Latane Arrospide.

Gizonezkoak Emakumezkoak
Iñaki Olano (1.44.53) Maddalen Jimenez (2.12.17)
Damien San Martin (1.46.33) Itxaro Zabaleta (2.14.09)
Xabier Macias (1.47.20) Maud Combarieu (2.16.09)
Hodei Lujanbio (1.49.46) Irene Artazkoz (2.17.59)
Josu Urrestarazu (1.51.52) Latane Arrospide (2.22.06)

Beteranoen kategorian horrela osatu zen podiuma:

Gizonezko beteranoak Emakumezko beteranoak
Alberto Barberena (1.58.35) Maud Combarieu (2.16.09)
Sergio Serrano (2.03.39) Nerea Amilibia (2.25.02)
Luis Lasa (2.07.12) Nuria Mendibi (2.27.45)
497 korrikalarik hasi zuten lasterketa, eta horietatik 464k lortu zuten helmugara iristea.

Irabazleak ezin izan du lortu Ariznabarretak 2014az geroztik duen errekorra (1.37.30) Ibardineko tarteko helmuga, 150 euroko saria zuena, Damien San Martinentzat izan da.

Taldeka Hiru Herri taldea gailendu zen, Idiazabalen aitzinetik.

Markel Barrio, Iker Sanchez eta Lide Lizeaga nagusi gazteetan

Gazte Trailean, Markel Barriok irabazi zuen proba Oihan Pikabea beratarraren eta Xabier Azconaren aitzinetik, 17 eta 18 urteko kategorian. Ibilbide bereko 14 eta 16 urte bitarteko kategorian, gizonezkoetan Iker Sánchezek eta emakumezkoetan Lide Lizeagak irabazi zuten.

Gazte Trailen aurten lehenengoz 9,5 kilometroko ibilbidea osatu zuten gazteek, eta amaiaerako zatia maratoi erdiko berbera izan zen.

Emaitza guztiak hemen daude ikusgai.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun