Argiteria publikoaren hobekuntzarekin bukatu berri du Lesakako Udalak

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 9a, 12:00
Denera 530 farola berri baino gehiago paratu dituzte Lesakan.

Guztira 530 farola baino gehiago aldatu dituzte eta 443.841 euroko inbertsioa egin da

Energia berriztagarriak eta efizientzia energetikoaren alorrean, azken lau urteetan eginiko apustu estrategikoarekin jarraituz, herriko argiteriaren zati baten aldaketa modu positiboan baloratu eta gero, hirugarren eta azken fasea gauzatu berri du Lesakako Udalak.

2020 urtean egindako auditoria energetikoan oinarrituz eta bertan azaldutako irizpideak jarraituz, lau urte hauetan argiteria publikoaren %100 aldatu da. Auditoriaren jasotakoaren arabera, Lesakan argiteria publikoaren kontsumo energetikoa biztanleko 141 kWh-koa zen, Nafarroako banaz bertzekoaren gainetik (133 kWh biztanleko).

Guztira 530 farolatik goiti aldatu dituzte, 15 koadro elektrikotan banatuta daudenak, eta horietaz gain, ilun gelditzen ziren toki batzuetan berriak instalatu dituzte. Aldaketa hauetan, herriko eraikin historiko batzuk nabarmentzeko argi berezia ere erabili dute, hauen balioa azpimarratzeko, eta bertze farola batzuk tokiz mugitu dituzte, hauen kokapen egokiagoa bilatuz. Horretaz gain, instalazioak gaur egungo araudietara egokitu dituzte, egoera hagitz kaskarrean eta segurtasun akatsekin baitzegoen argi sarea.

Herriko eraikin historiko batzuk nabarmentzeko argi berezia ere erabili da, hauen balioa azpimarratzeko.

 

Aldaketa guztiaren kostua honela zatitu da:
  • Lehenengo fasea: 118.835 euroko inbertsioa, Nafarroako Gobernuaren 86.528 euroko diru-laguntza hartuz.
  • Bigarren fasea: 130.006 euroko inbertsioa, Nafarroako Gobernuko laguntzarekin (30.000 euro)
  • Hirugarren fasea: 195.000 euroko (+ BEZa inbertsioa). Gastu honi aurre egiteko, IDAEko dirulaguntza hartu da (224.550,98 euro).

Urtean 90.000 kWh guttiago

Azken fase honetan egindako aldaketekin, urtean 90.000 kWh aurreztea espero da energian, eta horrek energiaren prezio aldagaiari lotutako faktura ekonomiko murriztea ekarriko du. Egungo prezioekin, funtzionamenduko lehen urte honetan 20.000 euro inguru aurreztuko dira urtean.

Hala ere, «dena ezin da diruarekin kuantifikatu; horregatik, proiektu honen idazketak irizpide argi batzuk izan ditu, eta horiek nabarmentzea eta balioestea garrantzitsua da», udalaren erranetan:

  • Argi bakoitzaren kokapena edo orientazioa optimizatzeko aukera kontuan hartu da, lehentasuna pertsonengan jartzeko helburuarekin, baina kostu ekonomikoak optimizatzen saiatuz.
  • Elementu jakin batzuen argiztapena hobetu da, eremu jakin batzuetako argiztapena homogeneizatzeari edo optimizatzeari dagokionez. Hala, argi batzuk nahita mugitu dira kale-hondoko txokorik ilunenetara, segurtasuna hobetzeko.

Mugikortasuna ordenatzeko eta hobetzeko aprobetxatu da; horrela, oinentzako “ibilbide seguruagoak” bilatuz, zebra bide batzuk hobe seinalatu eta hobetuz.

Horrela, bide-segurtasuna hobetzeko aprobetxatu da, eta jarduketa hori udalerriaren mugikortasunarekin lotu.

  • Kutsadura luminikoa murriztu da.
  • Telekudeaketa bidez erregulatu ahal dira argiak orain, honek eskaintzen dituen aukera guztiekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun