Aimar Otxoteko lesakarra eta Ane Elzaurdia beratarra nagusitu dira Lesakako V. Mendi lasterketan

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 11a, 10:00
Aimar Otxoteko helmugara sartzen. 2019ko lehen lasterketatik indarrean zegoen errekorra minutu bat eta bi segundotan hobetu zuen.

Gizonezkoen errekorra minutu bat baino gehiagotan hobetu zuen Beti Gazteko korrikalariak eta 229 korrikalarik bukatu zuten proba

Lesakako V. Mendi lasterketa antolatu zuen igandean Beti Gaztek eta etxeko korrikalari batek, Aimar Otxoteko Larrartek lortu zuen garaipena gizonezkoen artean. Ez hori bakarrik, 2019ko lehen ediziotik indarrean zegoen errekorra minutu eta bi segundotan hobetu zuen, ordubete, hamar minutu eta hamahiru segundo aski izan baitzituen 14 kilometro luze eta 900 metroko desnibela zuen ibilbidea osatzeko. Emakumezkoetan, Berako Ane Elzaurdia izan zen bizkorrena (1.30.14). Guztira 229 korrikalarik bukatu zuten proba.

Ane Eltzaurdia beratarra nagusitu zen emakumeen artean.

Gizonezkoen proban, Aimar Otxotekok Idiazabalgo bi korrikalari izan zituen lagun podiumean: Josu Urrestarazu bigarren (1.12.49) eta Ioseba Eskudero hirugarren (1..13.55). Aipatzekoa da Berako Aitor Erdozain bosgarren izan zela (1.16.18), Etxalarko Xabier Telletxea bederatzigarren (1.18.28) eta Anizko Unai Iantzi hamargarren (1.19.09).

Aimar Otxoteko, Idiazabalgo Urrestarazu eta Eskuderoren artean.

Emakumezkoetan, Ane Elzaurdiaren gibeletik bigarren izan zen Iruñeko Irene Artazkoz (1.31.04)eta hirugarren Hondarribiko Anie Mendia (1.32.04).

Ane Elzaurdia, Irene Artazkoz eta Anie Mendia emakumeen podiumean.

Gizonezko beteranoetan Iker Irastorza pasaitarra nagusitu zen (1.21.23), Beti Gazteko Borja Garcia lesakarra bigarren (1.25.46) eta Biurrungo Miguel Barasoain hirugarren (1.28.34).

Beteranoetan, Beti Gazteko Borja Garcia bigarren, Iker Irastorza pasaitarraren gibeletik.

Emakumezko beteranoetan Nerea Amilibia zarauztarra nagusitu zen (1.35.06), Orkoiengo Nuria Mendibi bigarren (1.38.45) eta Legorretako Edurne Arakistain hirugarren (1.47.19).

Beti Gazteko lehen bazkideak Aimar Otxoteko bera eta Amaia Taberna Lizaso izan ziren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun