Berako herriarentzat nahiz Gure Txokoa elkartearentzat erronka handia izan zen mundialaren antolaketa, baina bikain atera zen guztia, «perfektu», komunikabideek publikatu eta UCI elkarteak berak onartu zuenez.
23,800 kilometroko ibilbidea osatu behar izan zuten txirrindulariek eta, gaur egun bezala, Belgikako txirrindulariak gailendu ziren. Lasterketa nagusian Albert Van Damme belgikarrak irabazi zuen, Roger Van de Vlaeminck herrikidearen aitzinetik. Peter Frischnecht suitzarrak osatu zuen podiuma. Nazioarteko lehiaketa ere Belgikak irabazi zuen. Afizionatu mailako lasterketa ere belgikar batek irabazi zuen, Robert Vermeirek, garai hartako Alemania Federaleko Klaus Peter Thaleren eta Ekkechardt Teichreber-en aitzinetik.