Inauteriak 2024

Eguraldi euritsuari aurpegi alaia paratu diote Lesakan inauterietako astelehenean

Ttipi-Ttapa 2024ko ots. 13a, 08:00

Fraindarrak eta Goitarrak taldeek egin dituzte baserriz baserriko ibilaldiak eta plaza inguruan bildu dira karrozak eta mozorroak euripean

Inauterietako astelehenak ez zuen eguraldi onik ekarri, baina Lesakan inauterietako ospakizunekin segitu zuten. Fraindarrak taldekoek Otsango eta Frain auzoko baserriak bisitatu zituzten eta Goitarrak taldekoek goitiko auzoetatik herrirako bidea egin zuten. Plaza inguruan zenbait karroza eta mozorro dotore bildu ziren, gehienak ostatu eta arkupeen babesa bilatuz.

Ohi bezala, karrozarik jendetsuenak Irain eskolak (Txina) eta Tantirumairu ikastolak (espazio-ontzia) egindakoak izan ziren. Baina hainbat kuadrilla izan ziren beraienak egin zituztenak: musika banda tunaz mozorroturik aritu zen musika doinuak hedatzen, baina izan ziren batukadak eta abesbatzak ere, baita karrika-garbitzaileak, arabiarrak, Ferraz karrikako señorak, musulmanak… Bakarkako lanean aritu ziren batzuk eta ikusmina piztu zuen Onin errekan angulak harrapatzen eta eskaintzen ibili zen arrantzaleak. Atzoko ospakizunekin bukatu dira inauteriak gehienentzat Lesakan, baina Fraindarrak oraindik ibiliko dira gaur Izotzaldea auzoan eta herrian barna musika eta giroa hedatzen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun