Goizean euria egin bazuen ere, eguerdian eguraldia altxatu eta arratsaldean Kastillobaita, Grazienea, Huartea eta frontoiaren arteko plazatxoan bete ahal izan dituzte zakuak mairuek, jendetzaren begiradapean. Zakuzahar nagusiak musika bandaren laguntzaz egin zuten kalejira. Musikariek Lesakako Inauteriak pieza jo zuten behin eta berriz eta zakuzaharrak karrikaz karrika ibili ziren ikusleak uxatzen. Zakuzaharrak Zabaleta dorrearen parean, Antoiun, Eskol-Ttikin eta Bittiria karriketan gelditu ziren, atseden hartzera eta monttonkak egitera. Mairuek, zakuen urratuak moldatzeko eta galdutako pizontzien ordez, bertze berriak emateko aprobetxatzen zuten geldialdi horiek.
Behin ibilbidea bukatutakoan, plazan zakuak urratu eta belarrekin jolasean ibili ziren haur eta gaztetxoak.
Inauterietako Astelehena
Igandean Goitarrek Endara, Zala, Katazpegi eta Nabaz auzoetan egin zuten bezala, inauterietako astelehenean Fraindarrek bere eskea egiten ari dira Frain eta Otsango auzoen barna. erratzen kolpeak akuilu, Eguerdian karrozak eta mozorroak plaza inguruan ikusiko dira eta Beti Gazteko sokatira taldeari ere harrera eginen zaionez, animazio handia izanen da.
Honenbertzez, Lesakako inauteriak akautuko dira, nahiz eta asteartearekin ere Fraindar batzuk ibiltzen diren oraindik Izotzaldea eta herrian barna.