Inauteriak 2024

Joan den astean hasitako inauteriak gaur borobilduko dituzte igantziarrek

Ttipi-Ttapa 2024ko ots. 8a, 08:00

Etxez etxeko eskea, mozorroak, musika, otorduak... Joan den asteburua inauteri giroan murgilduta pasatu zuten igantziarrek eta orduko argazkien bilduma da hau. Hala ere, oraindik ez dituzte bukatu inauteriak, gaur Ortzegun Gizen eguna ospatuko baitute.

Argazkiak eta testuak: Itziar eta Ana.

Mozorroen arropak astindu, musika doinuak barrenak mugitu eta altxaferoarekin batera hasi ziren Igantziko mozorroak karrikak alaitzen inauteriei ongietorria emanez. Ortzirale goizean hasi ziren etxez etxeko ibilbidearekin, eta auzo eta karrikak alaitu bitartean, herrian ere izan zen zer egin. 17:30etan jokoak izan ziren frontoian eta ondotik, berendu goxoa dastatu ahal izan zen guraso elkartearen eskutik. Arratsean mozorroak afaria izan zuten Biltokin.

Larunbatean berriz, mozorroek 08:00etan eman zioten hasiera eskeari eta bitartean, hau ere guraso elkarteak antolatuta, musikaz alaituriko aperitibo eta bazkaria izan ziren Biltokin. Giro ederra sortu zen jendea mozorrotuta agertu ahala. Irri eta kantuen artean bazkaria ere giro ezin hobean joan zen leporaino beteta zegoen elkartean. Baratzondo Elkarteko jubilatuak ere ez zuten inauteriez gozatzeko aukera galdu nahi izan. Larunbatean egindako bazkarian ateratako argazkietan argi aski ikusten den bezala, umore ederrarekin ibili ziren.

Arratsaldean, guraso elkarteak antolatuta, Oihan Vegarekin dantzaldia izan zen frontoian eta ederki joan zen hori ere. Ilunabarrean, mozorroen eskutik, pintxoak dastatu ahal izan ziren Estankoan. Etxeetan barrena banatutako zenbakiekin zozketa ere egin zuten eta ondotik, Biltokin afaria. Arratsean gorputzak aguantatu arteko besta giroa izan zen.

Joan dira aurtengo inauteriak eta orain heldu den urteari begira mozorroak pentsatzen hastea gelditzen zaigu! Hala ere, ez dira oraindik inauteriak arront akabatu, Ortzegun Gizen Eguna ere egun handia izaten baita Igantzin. Gaur goizean eskolako neska-mutikoak mozorroak berriz ere soinean jantzi eta etxez etxe ibiliko dira eskean. Arratsaldean, berriz, beti egiten den gisan, etxeetan bildutako puskekin, bertzeak bertze, berendua izanen dute Biltokin.

Ortziralean antzerkia

Bertzetik, inauterietako egitarautik kanpo, ortziralean, otsailaren 9an, eskolako ikasleek antzerki emanaldia eginen dute Baratzondon, 14:30ean. Herritar guztiei ikusterako joateko gonbita egin diete.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun