Inauteriak 2024

Etxalarko inauteriak ekitaldiz gainezka datoz aurten ere

Ttipi-Ttapa 2024ko ots. 7a, 10:00
Etxalarko gazteak baserriz baserri eskean ibiliko dira asteleheneko inaute-inaute egunean.

Ortzegun Gizen egunean eskolako ikasleak izanen dira protagonista, igandean kinto bestak, asteleheneko inaute-inaute egunean gazteak eskean ibiliko dira eta astearte eguerdian karroza eta mozorro desfilea

Otsailaren 8an, Ortzegun gizenarekin hasiko dituzte inauteriak etxalartarrek. Egun horretan Landagain eskolan goizez ez da eskola saiorik izanen, ikasleak eskean ibiliko direlako, Ortzeun gizen kantatuz. 14:30eean ikasleen desfilea eta ikuskizunak eskainiko dituzte, eskolatik plazara eginen duten ibilbidean. Haur Hezkuntzakoen txokoa eskolan bertan izanen da, bertatik Domekeneko atarira joan eta Lehen Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailakoek eskainiko dute ikuskizuna. Jarraian, Maixterreneko atarian LHko hiru eta laugarren mailakoek eskainitakoa ikusita, plazan bukatuko dute ibilbidea LH 5 eta 6.mailakoen ekitaldiarekin. Egunari akabera emateko, Guraso Elkarteak merienda emanen du.

Otsailaren 11, igandea, Zaldun inaute eguna izanen da eta kinto bestak ospatuko dituzte.

Otsailaren 12an, astelehenean, inaute-inaute eguna ospatuko dute eta herriko gazteak, baserrietan ibiliko dira eskean. 08:00etan gosaria eginen dute La Basque jatetxean eta bertatik hasiko dira ibilbidea egiten trikitilariek lagunduta.

Otsailaren 13a, asteartea, mozorro eta karrozen eguna izanen da. Eguraldiak laguntzen badu, 12:00etan plazan elkartu eta herrian barna ibiliko dira karroza eta mozorroekin. Eguerdian gazteek bazkaria izanen dute La Basque jatetxean. Egun honekin, Larraburua Jubilatuen elkartekoek ere bazkaria eginen dute Larraburuan. Apuntatzeko azken eguna gaur izanen dute, 664 38 73 43 telefonora deituz. Arratsaldean, 17:00etan katiuska jaurtiketa eginen dute plazan eta ondotik frontenis desafioa.

Asteleheneko gosarira eta astearteko bazkarira joan nahi duenak, izena eman beharko du Elutsa ostatuan dagoen zerrendan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun