Otsailaren 8tik 11ra, ortzegunetik igandera bitarte jokatuko Suediako Helsingborg hirian Munduko goma gaineko sokatira txapelketa. Txapelketa hau zuzenean internet bidez segitzeko aukera eman du Nazioarteko Sokatira Federazioak (TWIF).
Beti Gazteko sokatira taldekoak gaur goizaldean abiatu dira Suedia aldera. Bilbotik Frankfurtera (Alemania) eta Frankfurketik Kopenhagera (Danimarka) hegazkinez eta Danimarkako hiriburutik Helsinborgera errepidez, itsas azpiko 14 kilometroko tunelan barna joatekoak dira.
Egutegia
Otsailaren 7an, asteazkenean, 07:30etik 12:00etara egitekoak dituzten pisaketen ondotik, otsailaren 8an abiatuko da klub arteko txapelketa. Ortzegun goizean gizonezkoen 680 kiloko eta emakumeen 500 kiloko txapelketak jokatuko dituzte, baita 23 urtez beheitiko txapelketa mistoa ere. Arratsaldean, berriz, gizonezkoen 600 kiloko txapelketa jokatuko dute eta junior nesken eta mutilen txapelketak. Beti Gaztek emakumeen 500 kilokoan eta gizonezkoen 600 kilokoan aterako du taldea, baina ez gizonezkoen 680 kilokoan.
Otsailaren 9an, ortzirale goizean, klub artekoan gizonezkoen 640 kiloko eta emakumeen 540 kiloko dominak izanen dituzte jokoan, baita 23 urtez beheitiko mutilenak eta neskenak ere. Ortzegun arratsaldean gizonezkoen 560 kiloko txapelketa eta txapelketa mistoa jokatuko dituzte, baita junior misto mailakoa ere.
Otsailaren 10ean, larunbatean, nazio arteko txapelketa abiatuko da eta Euskal Herriko txapel guztiak irabaziak dituenez, Beti Gaztek izanen du Basque Country ordezkatzeko eskubidea kategoria denetan. Halere, gizonezkoak, pisu arinenetan bakarrik ariko dira, 560 eta 600 kilokoan. Emakumeak bi kategoriatan ariko dira eta txapelketa mistoan ere parte hartuko dute Beti Gazteko tiralariek Euskal Herria ordezkatuz. Klub artekoaren hurrenkera berean ariko direnez, larunbat goizean gizonezkoen 680 kiloko, emakumeen 500 kiloko eta 23 urtez beheitiko txapelketa mistoa jokatuko dituzte. Arratsaldean, gizonezkoen 600 kilokoa eta juniorrak.
Otsailaren 11n, igandean, azkenik, goizean gizonezkoen 640 kiloko eta emakumeen 540 kiloko txapelketak eta 23 urtez beheitiko mutilak eta neskak ariko dira eta igande arratsaldean, gizonezkoen 560 kiloko txapelketaz gain, txapelketa mistoa eta junior mistoa jokatuko dituzte.