Inauteriak 2024

Igandean bukatuko da Berako Inudeen eta Artzainen desfilean apuntatzeko epea

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 31a, 15:00

Dagoeneko 100 bikotek baino gehiagok eman dute izena dantzan aritzeko.

Otsailaren 11n, igandean, Inudeek eta Artzainek hartuko dituzte Berako karrikak. Gure Txokoa Dantza Taldea ari da egun hori antolatzen, eta igandera arteko epea eman dute apuntatzeko. Dagoeneko 100 bikote baino gehiago apuntatu dira dantzatzeko.

Otsailaren 4a, igandea, izanen da izena emateko azken eguna, eta galdetegi hau betez egin behar da. Desfilean parte hartuko duten denek bete beharko dute galdetegia, bai musikariek, bai dantzariek eta baita konpartsako kideek ere. Dantzarien kasuan, bikote bakoitzeko galdetegi bakarra bete beharko da.

Otsailaren 11n karrikara atera aitzinetik, otsailaren 6an 19:30ean eta 9an 20:00etan eginen dituzte entseguak Eztegara pilotalekuan. Bazkarirako txartelak ere egun horietan erosten ahalko dira 21 euroan. Diru horretatik 20 euro bazkaria ordaintzeko bideratuko dituzte, eta bertze euroa karrozaren apaingarriak erosteko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun