'Hona bostekoa!' komiki bilduma aurkeztuko dute heldu den ortziralean Beran

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 18a, 13:00

Komikiaren egileak eta Udalbiltzako ordezkariak komikiaren aurkezpenean. Argazkia: Udalbiltza.

Udabiltzaren Geuretik Sortuak ekimenak hainbat beka eman zituen iazko udaberrian literatura, komikigintza, antzerkigintza eta zinemagintza lantzeko. Iaz garatu zituzten lanak sortzaileek, eta orain aurkezteko ordua dute. Aurkezpen horietan lehena eginen dute Beran, heldu den ortziralean, urtarrilaren 26an.

Bertan, komikigintza lantzen aritu diren sortzaileen lanak biltzen dituen Hona bostekoa! komiki bilduma aurkeztuko dute 18:00etan Beralandetan. Bortz komikigile aukeratu zituzten, bakoitza herri batean lanean aritzeko, eta tartean Gasteizko Aritz Ibarra Agirrezabal Beran, Lesakan, Urruñan eta Saran aritu da komikia lantzen. Hain zuzen, Ibarra Beran eginen den aurkezpenean izanen da.

Ibarrarekin batera Unai Gaztelumendi, Kote Camacho, Eñaut Aiertzaguena eta Iñaki Martiarena Mattin komikigileen lanak ere biltzen ditu Hona bostekoa! lanak. Komikia aurkezteaz gain, erakusketa ere paratuko dute Beralandetan. Erakusketa hori bihartik aitzinera egonen da ikusgai, otsailaren 2ra arte. Bertan, komikigileen sorkuntza-prozesua ikusten ahalko da, bertzeak bertze.

Lehen Mundu Gerla gai hartuta

Aldaxka pozoituak izena du Aritz Ibarra Agirrezabal komikigileak landu duen lanak eta hau da komikiaren sinopsia: 2014ko azaroaren 11 da, Lehen Mundu Gerraren armistizioaren urteurrena. Urtero bezala, Urruñan gerla hau oroitarazten duen monumentuaren pena bildu dira zenbait herritar. Frontean hil ziren soldadu haien patriotismoa eta balentziak goraipatu dituzte bertan. Gauean, baina, iluntasunak kaleak estali dituenean, oroitarriko pertsonaiak bizia hartu eta gertatutakoaz mintzatzen hasiko dira, orain arte itzaletan izan diren bizipenak argitara ateraz.

Beran, Lesakan, Saran eta Urruñan aritu da komikia lantzen Gasteizko komikigilea. Beran aurkeztuko du lana, eta ondotik, komiki sorkuntza biltzen duen erakusketa Saran ikusteko aukera izanen da otsailaren 5etik 9ra.

Geuretik Sortuak zirkuituaren datak

Berak, Lesaka, Sarak eta Leitzak hartu dute parte bekaren bigarren edizioan, eta herri horietan bekaren bidez sortutako hainbat sorkutza lan ikusteko aukera izanen da. Otsailaren 25ean Lesakan eta martxoaren 9an Saran Eukalyptus lana taularatuko dute Jon Ander Urresti antzerkigileak, otsailaren 17an Antzerki Aroak eta Ttipia konpainiaren eskutik Olagarrua lana ikuste aukera izanen da Beran, eta ekainaren 9an, aldiz,  Eraitsi S.L lana emanen du Goitibera konpainiak Leitzan.

Komikigintzari dagokionez, Unai Gaztelumendik bere lana aurkeztuko du martxoaren 15ean Leitzan.

 

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun