San Antongo erromeria ospatuko dute igandean Lesakan

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 19a, 10:00

San Antongo baseliza inguruan eginen dute ospakizuna igandean Endara auzoan.

Goizean mezak izanen dira Endara auzoko baselizan eta arratsaldean musika Plaza Zaharrean. Beti Gazte elkarteak araututako ibilaldia antolatu du aurten ere, binaka edo hirunaka egiteko. 

San Anton eguna ospatu zuten asteazkenean Lesakako Endara auzoan ere. Eguraldi epela aprobetxatuz, meza aditzera eta ingurua bisitatzera joan ziren zenbait lagun. Baina San Anton egunaren ondoko igandea izan ohi da ospakizun handieneko eguna eta, Bortzirietatik, Malerreka aldetik nahiz Gipuzkoatik hurbilduko den jendetza espero dute baseliza inguruan.

Beti Gazte elkarteak ibilaldi arautua antolatu du aurten ere

Igandean 10:00etan, 11:00etan eta 12:00etan meza izanen dute San Anton baselizan. Beti Gazte elkarteak araututako ibilaldia antolatu du aurten ere, binaka edo hirunaka egiteko. Plazatik abiatuko dira 08:00etan eta izen-emateak 07:30etik 08:00etara egin daitezke bertan (bazkideek 5 euro, bazkide ez direnek 10 euro). Lehenbiziko bi taldeek saria izanen dute eta kamisetak emanen zaizkie parte-hartzaile guztiei. Helmugan pintxoak ere izanen dira.

Endara auzotik herrigunera jautsita, igande arratsaldean, 17:30ean, Bide Batez taldearekin erromeria izanen da Plaza Zaharrean.

Bezperan, larunbat eguerdian, San Anton egunaren seinalea eginen du soinulari taldeak ere eta karrikaz karrika ibiliko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun