Energia berriztagarriak

«Herritarrak izanen dira BixtuBeran erabakiak hartuko dituztenak»

Ttipi-Ttapa 2023ko abe. 21a, 13:00

Ainhoa Lanz Ortego da BixtuBera Energia Berriztagarrien Kooperatibako lehendakaria.

Heldu den urtean bi proiektu garatu nahi dituzte BixtuBera kooperatibako kideeak: aholkularitza zerbitzua ezartzea eta eguzki instalazio fotovoltaiko kolektibo bat martxan jartzea

Udaberrian hasi eta udazkenean eratu zuten ofizialki BixtuBera Energia Berriztagarrien Komunitatea eta kooperatiba. Berako Udala izan da bultzatzailea, eta herritarrek hartu dute orain gidaritza. Prozesuan hasieratik murgilduta ibili da Ainhoa Lanz Ortego beratarra, eta bera izanen da heldu den urteetan kooperatibako lehendakaria. Indartsu hasi dute bidea, eta urte bukaerarako 100 bazkideren langa gainditzeko helburua ezarri dute.

Zer da Energia Berriztagarrien Komunitate  bat? 

Energia Berriztagarrien Komunitate bat entitate juridiko bat da. Bertan, energiarekin lotutako gaiak lantzea eta kudeatzea bilatzen da, beti ere energia berriztagarriak izanik. 

Nolakoa izan da Berakoa sortzeko prozesua? 

Hasieratik prozesua parte hartzailea eta dinamikoa izan da. Hasieran helburua herritarrak informatzea izan da. Pixkanaka-pixkanaka parte hartzaileak ahalduntzen joan dira eta aktiboki parte hartzen joatea bilatu da. Prozesuaren helburua da energia berriztagarrien komunitatea herritarrek garatu izana izatea eta hemendik aitzinera ere herritarrak izatea erabakiak hartuko dituztenak.

Hasieran Elhuyarren eta Goienerren laguntza ere izan zenuten. 

Prozesu hau gidatzeko gidaritza behar da. Alde batetik informazio tekniko minimo  bat behar duzulako; kooperatiba bat eratu behar duzu, horren barrenean egin behar dituzun ekintzak energia arloarekin lotuta daude eta aunitzetan ez dugu zertan jakintza hori izan eta kanpoko aholkularitza behar duzu zertan oinarritu jakiteko. Eta bertzalde, behar duzu norbait dinamizatuko dituenak bilerak, parte hartzea modu pasibotik aktibora pasatzeko. Horregatik egon dira bi entitateak gurekin. 

Gaur egun herritarrak dira kooperatibaren arduradunak? 

Bai. Goiener eta Elhuyarren parte hartze aktiboa bukatu da. Hemendik aitzinerakoak guri dagozkigu. Baina hor jarraituko dute, batez ere Goienerren babesa behar dugulako aholkularitza kontuei dagokionez. Presente daude, baina, erabat bertze neurri batean. 

Zenbat bazkide zarete gaur egun? 

Ofizialki kooperatiban 29 bazkide gara, oraindik erregistroko azken fasea lantzen ari garelako. Hala ere, dagoeneko izena ematea jende gehiagok egina du eta 50etik goiti gara. 

BixtuBera eratu duen herritar taldea kooperatiba ofizialki eratu zuten egunean.

100 bazkidera ailegatzeko helburua zehaztu duzue. 100 bazkiderenak badu erranahi berezirik? 

Ez du erranahi berezirik, guk ezarritako helburu minimoa da. Hori da epe motzean lortu nahiko genukeena. Kooperatiba sostengatzeko behar dugu bazkide kopuru bat bermatu, eta ezinbertzekoa da. Proiektuak aitzinera eraman ahal izateko ere ezinbertzekoa ikusten dugu guttienez bazkide kopuru zehatz batera ailegatzea. 

Baduzue proiekturen bat esku artean? 

Bi ideia nahiko zehatz ditugu eta horiei forma ematen ari gara. Alde batetik kooperatiban argi dugu kontsumo arduratsua sustatu nahi dugula, hau da bazkideen artean dagoen kontsumoa jaitsi nahi dugula. Horretarako aholkularitza zerbitzua martxan paratu nahi dugu, eta bertzalde, kontsumitzen duguna berriztagarria eta tokikoa izan dadila nahi dugu. Horretarako ere lehenbiziko pausoak eman nahi ditugu. Autokontsumorako eguzki instalazio fotovoltaiko kolektibo bat martxan jarri nahi dugu.  

Eta etorkizunera begira zer egin asmo duzue? 

Bi proiektu horiek hasiera izanen dira, eta nahikoa erronka badira oraingoz. Hau epe luzerako proiektu bat izatea nahi dugu eta aurreikusten dugu instalazio gehiago egin ahal izatea, inbertsio gaitasunaren arabera, noski. Eztabaida gehiago ere zabaldu nahi ditugu, mugikortasunaren inguruan, adibidez, eztabaida bat egon behar dela uste dugu. Beran eraikin publikoak elikatzen dituen bero sare bat dago, eta hor ez dakigu zenbateraino sartzen ahalko garen, baina landu nahiko genuke. 

Nola zoazte bi proiektuekin? 

Epe zehatzik ez dugu zehaztua. Baina 2024an bi proiektuak landu nahi ditugu. 

Parte hartu nahi duenak nola egiten ahal du? 

Erraza da. Martxan dugun webgunean izena eman behar da, eta nahiko modu errazean egiten da. Bazkide izateko 60 euroko ekarpena eskatzen dugu. 

Beran garatu duzue, baina beratarrak bakarrik izaten ahal dira parte?

Ez dugu muga fisikorik ezarri nahi Beran, baina, egia da proiektuek herri mailan izanen dutela eragina. 

Zergatik animatuko zenituzke beratarrak proiektuan parte hartzera?

Gu gure ilusio guztiarekin herriarentzako onuragarria izanen den proiektu bat martxan jartzen ari gara. Epe luzerako zerbait izatea nahi dugu eta aktiboki gauzak egiten joatea. Kooperatiba sustengatzeko ezinbertzekoa da jende kopuru bat izatea. Horregatik animatu nahi dugu jendea parte hartzera. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun