Alkaiagako eta Zalain Zokoko bizilagunek hilaren 18an hartu beharko dute Berako hainbat gunetan aparkatzeko bereizgarria

Ttipi-Ttapa 2023ko abe. 6a, 08:00

2020ko irailetik Berako Kanttonberri karrikan eta Toki Ona institutu parean egoiliarrentzako gordetako aparkalekuak daude. Horietan aparkatzeko beharrezkoa da egoiliarrentzat txartela hartzea, eta abenduaren 18an izanen dute horretarako aukera Alkaiagako eta Zalain Zokoko bizilagunek

Azaroaren 15ean ireki zuten txartela hartzeko epea herritarrentzat, eta Zalain Zokoko eta Alkaiagako bizilagunek, aldiz, abenduaren 18an, astelehena, izanen dute horretarako aukera herriko etxean 08:30ean hasi eta 13:30ak arte.

Bereizgarria hartzeko, ibilgailuaren titularraren NANarekin batera, Lesakako errolda-ziurtagiria aurkeztu beharko da, Alkaiaga edo Zalain Zoko auzoetako helbidea egiaztatzen duena, eta Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen Gaineko Zergaren azken ordainagiriaren kopia.

Ordenantzaren arabera, zerga hori Berako Udalean ordaintzen ez bada, 20 euroko tasa ordaindu beharko da, bineta berdearen indarraldiko bi urteei dagokiona. Ordainketa txartelaren bidez edo eskudirutan egin ahal izanen da bulego berberetan, edo lehenago udalaren kontu korrontean (Rural Kutxa, ES95 3008 0080 58 2812680425 kontua). 

Bereizgarria banakakoa eta besterenezina da; beraz, bineta bat baino ez da emango eskubidearen titular bakoitzeko, dagokion hartu-agiria sinatuta. Bulegoetara joan ezin duenak hirugarren bati baimena eman ahal izango dio jasotzeko, eta hark aurreko puntuan adierazitako dokumentazioa aurkeztu eta baldintzak bete beharko ditu. Gainera,
dagokion hartu-agiria sinatu beharko du binetaren titularraren izenean.

Gogorarazten da bereizgarri hori indibiduala dela eta ezin dela hirugarrenei transferitu, eta iruzurrezko erabilera (horretarako eskubiderik izan gabe) zigortu egingo dela, eta behar bezala itsatsita jarri beharko dela aurreko haizetakoan, kanpotik ikusteko
maneran.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun