Egoiliarrentzako aparkalekuak herritarrek zein Zalain Zoko eta Alkaiaga auzoetako bizilagunek erabili ditzakete. Udalak auto horiek identifikatzeko bereizgarri berdeak banatzen ditu eta bereizgarria banakakoa eta besterenezina da. Auto bakoitzeko bereizgarri bakarra banatuko dute.
Herriko Etxean hartu beharko dira, 08:30etik 13:30era eta hartzean jasotze agiria sinatu beharko da. Ordutegi horretan bulegora joaterik ez dutenek baimena eman diezaiokete bertze bati jasotzeko. Hirugarren horrek baimen sinatua eman beharko du, eta bertan eskatzailearen izena eta abizenak, NANa eta ibilgailuaren matrikula jaso beharko ditu, baita jasotzeko baimena duen pertsonaren izena eta abizena eta NAN ere. Gainera, eskatzailearen NANaren kopia aurkeztu beharko du, paperean edo mugikorrean, eta jasotze agiria sinatu beharko du.
Bereizgarriak entregatzen diren unetik aitzinera izanen dira baliozkoak, eta une horretan bertan paratu beharko dira zaharraren ordez. 2022-2023 urteetako bereizgarri zaharrek, abenduaren 31ean galduko dute balioa.
Irailaren 20an egindako plenoan trafikoari eta mugikortasunari buruzko ordenantza aldatu zuen Berako Udalak, eta ondorioz, Alkaiagako eta Zalain Zokoko auzotarrek egoiliarren aparkaleku txartela hartzeko eskubidea dute. Ordenantza oraindik ez dago indarrean, eta abendu erdialdetik aitzinera izanen dute bi auzo horietako bizilagunek itsasgarria hartzeko aukera. Data zehaztean jakinaraziko dute.