Bortzirietako azienda onenak sarituko dituzte ortzegunean Lesakako ferietan

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 21a, 08:00

Bortzirietako azienda onenak sarituko dituzte ortzeguneko feria egunean Lesakan.

Bortzirietako aziendarik onenak berriz ere lehian izanen dira Lesakako plazan azaroaren 23an, baina ez da feriak ekarriko duen ekitaldi bakarra. Ohi bezala, bezperan hasiko dira ospakizunak, Beti Gaztek antolatutako ajoarriero lehiaketarekin eta trikitixa musika doinuekin. Asteazkenean 18:00etan hasiko dira biak. Asteazkenean 19:00etan, berriz, Beti Gazte kantari aterako da.

 

Ortzeguneko egun handian, goizean azienden erakustaldiaz gain, artisauak eta herri kirolak ikusteko eta Julio Soto eta Uxue Alberdi bertsolariak aditzeko aukera izanen da plaza inguruan goizean. Lehiaketako sariak banatu eta bazkaldu ondotik, arratsaldean, 18:00etan pilota partidak jokatuko dituzte udal pilotalekuan. Lehenik emakumeak ariko dira, Iturriaga eta Mujika, Zabaleta eta Ruiz de Larramendiren kontra. Ondotik, gizasemeak, Victor eta Merino II.a, Labaka eta Aldaberen kontra. Ordu berean hasita dantzaldia ere izanen dute Bada giro! erromeria taldearekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun