GUREKIN ELKARTEA

«Herria bizirik mantentzeko beharrezkoak dira zerbitzuak»

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 21a, 10:00

Gurekin Lesakako Zerbitzuen Elkarteko zenbait kide, Malmök diseinatutako muralaren aitzinean.

Izen eta irudi berriarekin, indarberriturik ageri da Lesakako Zerbitzuen Elkartea. Gurekin izena paratu diote elkarteari eta aldaketa hauetaz, gaur egungo egoeraz eta etorkizuneko erronkaz mintzatu zaizkigu elkarteko zuzendaritza batzordeko kideak.

Gaur egun Ainhoa Ordokik (Ordoki altzari denda), Naiara Alberrok (Intzuri optika), Asier Etxepetelekuk (Arrano ostatua), Iñaki Portuk (Iñaki janari denda) eta Maite Marinek (Amura ile-apaindegia) osatzen dute batzordea. Beraien erranetan, «Beharrezkoa ikusten genuen elkarteari identitatea eta izaera emateko izen bat jartzea. Horretarako Maddi Ane Txoperenari laguntza eskatu genion eta zenbait proposamen egin zizkigun. Gurekin izan da aukeratu dugun izena. Ekin horrek lanari ekin, bideari ekin, Ekintzailetza adierazten du. Logotipoa ere eguneratu egin dugu, buelta bat eman eta G batean bihurtuz betiko kiribila».

Malmö ilustrazioa&diseinua  izan dira horretan lanean aritu direnak». Plaza ondoko murala ere berritzen ari dira, esaldi biribil batekin: Komertzio ttikia, zuk egiten duzu haundi. Izan ere, «herria bizirik mantentzeko, beharrezkoak dira zerbitzuak eta komertzioak» diote argi eta garbi. Honekin bertan kontsumitzearen garrantzia goraipatu nahi dugu. Tokiko ekonomia sustatzen dugulako, jasangarriagoa delako bertan erostea, kalitatea eskaintzen dugulako, tratu pertsonala ematen dugulako eta bizilagunak eta ausartak garelako. Muralaren ideia eta diseinua Malmö ilustrazioa&diseinuaren eskuetan utzi dugu. Logo berria irudikatu dute gure esaldiarekin batera. Eskua eta lorearekin, loraldi bat irudikatuz. Jendearen laguntzarekin lortzen delako haztea». Orokorrean Lesakako zerbitzu eta komertzioak mantentzen direla uste dute, baina beti daude gabeziak eta horiek betetzeko ekintzailetza bultzatzea garrantzitsua da».

«33 komertzio eta zerbitzu gaude elkartean, baina ateak zabalik daude»

2007an sortu zen elkartea, 40 kiderekin, eta «urte hauetan batzuk sartu eta bertzeak ateri egin diren arren, gaur egun 33 komertzio, zerbitzu eta ostalarirekin mantentzen gara. Hemendik, elkartean ez daudenei gurekin bat egitera gonbita luzatu nahi genieke, ateak zabalik daude».

Aitzinera begira, tarteka egiten dituzten kanpaina eta ekitaldiekin segitzeko asmoa dute: «Fideltasuna saritzeko zozketak antolatzen ditugu eta bertan erosten jarraitzeko kanpaina ttikiak. Azokak ere antolatzen ditugu elkarteko partaideekin, eguberrietan, udaberrian. Aurten abenduaren 3an ospatuko dugu Eguberrietako azoka».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun