Landa eremuko emakumeen eguna dela eta hainbat jarduera izanen dituzte heldu den egunetan Bortzirietan

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 11a, 16:00
Igandean herriko emakumeen istorioak kontatzeko ibilaldia eginen dute Berako karriketan.

Urriaren 15ean Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzen da, eta bertze eskualde batzuetan bezala, Bortzirietan ere hainbat ekintza izanen dira heldu den egunetan.

Igandean, hilaren 15ean, Berako emakumeen istorioetan barnako ibilbide bat izeneko ibilbidea eginen dute. 11:00etan paratu dute hitzordua eta Berako Herriko Etxetik abiatuko dira. Parte hartzeko aitzinetik izena eman beharko da berdintasuna@bortziriakberd.eus helbidean edo 722 69 30 78 zenbakira idatzita.

Urriaren 20an, heldu den ortziralean Isildutako eskuak liburuaren aurkezpena izanen da Jon Abril idazlearen eskutik 19:00etan Arantzako Liburutegian. Liburuan, 1936ko gerra ondoko hamalau emakumeren istorioak, bizipenak eta oroitzapenak bilduak ditu Abrilek. 

Azken ekintza urriaren 26an, ortzeguna izanen da Igantzin. Ekofeminismoak eta landa eremuko emakumea solasaldia izanen da udaleko goiko solairuan 18:00etan. Solasaldi horretarako ere izena eman beharko da berdintasuna@bortziriakberd.eus helbidean edo 722 69 30 78 zenbakira idatzita.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun