Aurkeztu dute Lesakako Udalaren ikasketa bukaerako beka irabazi duen lana

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 20a, 11:00
Nerea Ordoki bekaren irabazlea, eta Ladis Satrustegi Lesakako alkatea atzo egindako aurkezpenean.

Nerea Ordoki Etxepeteleku lesakarrak lortu du Lesaka ikergai duten ikasketa bukaerako proiektuak egiteko beka, eta atzo egin zuten lanaren aurkezpena Lesakako herriko etxean. ‘Haur Hezkuntzako kanpo espazioak ebaluatzeko irizpideak eta horiek birplanteatzeko estrategiak, material natural eta berriztagarrien bitartez’ izeneko lana aurkeztu zuen Ordokik.

Ekitaldian irabazleak berak eta Ladis Satrustegi Lesakako alkateak hartu zuten hitza. Satrustegik nabarmendu zuenez, beka deialdiaren asmoa «herritarrek herriarekiko duten atxikimendua bultzatzea» da.

Ondotik bekaren irabazleak egindako lana aurkeztu zuen. Proiektua bertze hiru ikaskiderekin batera sortu duela azaldu zuen Ordokik, eta helburua herritik bertatik lortutako materiala patioan erabiltzea dela azaldu zuen, inolako kosturik sortu gabe. Proiektuan haurren beharrak erdigunean paratu dituztela azaldu zuen.

Herritarren artean inkesta eta elkarrizketak egin dituzte gaiaren inguruko ezagutza aztertzeko, eta praktikaldian, material berriztagarriak erabiliz 0 kostuko espazio bat sortu dute. Horrez gain, behaketa tresna bat sortu dute orain arte dauden eremuak mailakatzeko.

Ladis Satrustegi Lesakako alkateak nabarmendu du hasi berri den ikasturtean hirugarrenez deituko dutela beka. Beka deialdia abenduan edo urtarrilean eginen dutela azaldu du, eta oroitarazi du  graduko edo masterreko edozein ikasketa egiten ari diren ikasleek aurkezten ahal dutela proiektua, beti ere Lesakarekin harremana badu. 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun