Lesakako Udalaren ikasketa bukaerako beka Nerea Ordokik eskuratu du

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 18a, 07:00
Nerea Ordoki Etxepeteleku Haur Hezkuntzako graduko ikasle lesakarrak hartuko du 500 euroko beka, ikasketa bukaerako proiektua gauzatu ahal izateko.

500 euroko laguntza hartuko du Haur Hezkuntzako gradua egiten ari den ikasleak ‘Haur Hezkuntzako kanpo espazioak ebaluatzeko irizpideak eta horiek birplanteatzeko estrategiak, material natural eta berriztagarrien bitartez’ lana aurkezteko

Lesaka ikergai duten ikasketa bukaerako proiektuak egiteko beka eman du bigarren aldiz udalak. 2022-2023 ikasturterako Nerea Ordoki Etxepetelekuk eraman du 500 euroko diru-laguntza, Haur Hezkuntzako kanpo espazioak ebaluatzeko irizpideak eta horiek birplanteatzeko estrategiak, material natural eta berriztagarrien bitartez izenburua duen lana aurkezteko. Haur Hezkuntzako gradua egiten ari da Ordoki eta «kanpoko espazio motak aztertu eta bertan egiten diren jolasak oinarri hartuta, herrigintzatik sortutako/lortutako materialen bitartez kanpo espazioak berreraikitzea» du helburu bere lanak.

Nerea Ordokik aipatu digunez, «etorkizunean haurren bidelagun izateko desioak eta haurrekiko dudan atxikimenduak bultzatu ninduen lau urtez Haur Hezkuntzako gradua egitera. 0-6 urte bitarteko etapa zaintzatik haratago doala demostratu nahi nuen; pertsona ororen oinarriak etapa honetan finkatzen direla argi utziz eta hauen testigu izanez».

Haurren munduan murgildu zen momentutik, Ordoki beti izan du gehiago jakiteko interesa, «ikertzeko gogoa eta erronka berriei aurre egiteko ilusioa. Haur Hezkuntzako graduak, haurra osotasunean ikusteko aukera eman dit; jaiotzetik dituzte berezko beharrak, edukitzen dituzten jokabideak, harremanak eraikitzeko moduak, jolas motak, etab. aztertzeko bidea irekiz. Gainera esperientzia errealen bitartez, nire hezitzaile profila garatzeko aukera eskaini dit; izan nahi dudan hori definitzen lagunduz».

Nerea Ordokiren erranetan, «ezinbertzekoa da, haurra gizartearen parte dela ulertzea, haurra herriaren parte dela sentitzea. Horregatik, heldu izatera iritsi arteko prozesuan ere herriko arlo ezberdinetan parte hartzeko eskubidea daukatela konprenitu behar dugu».

Hainbat galderei erantzun nahi izan die lesakarrak: Non pasatzen dute herriko haurrek denbora librea? Ez al dute haurrek gero eta denbora gehiago espazio itxietan pasatzen? Helduentzako diseinatutako kanpo espazioak egokiak al dira haurrentzako? Haurren beharrak hartzen al dira oinarritzat kanpo espazioak diseinatzeko orduan?

Horri erantzunez, Ordokiren ustez bistakoa da «egungo gizartearen azelerazioaren ondorioz, IKT-ak gero eta presentzia gehiago dutela gure egunerokotasunean eta horrek zuzen-zuzenean eragiten diela haurrei. Gaur egun, haurrek gero eta denbora gehiago pasatzen dute pantaila edo gailu elektronikoen aurrean; isolaturik eta harremanik sortu gabe. Aldaketa baten beharra dago. Baina, nondik hasi?».

Kanpo espazioak diseinatzeko orduan gehienetan kirol arlora jotzen dugu, «eremu lau bat eta bi ate – dio beka hartu duen ikasleak–. Kanpoaldeko espazioen helburuak hortik haratago doaz: kanpo espazioak ere heziketarako lekuak dira, jolasteko lekuak, harremanak sortzeko lekuak, esperientzia berriak bizitzeko lekuak. Gehienetan, espazio hauek diseinatzeko orduan helduen beharrak hartzen dira abiapuntutzat. Hori horrela, haurrek minik ez hartzeko egiturak eta plastikozko materialak eskaintzen dira, helduak lasai egoteko bankuak ezartzen dira…».

Aldaketa baten beharra dagoela ikusirik eta Haur Hezkuntzako etapan dauden haurrei herri mailan aske bizi eta ikasteko espazioak eskaintzeko dagoen premia ikusirik, Gradu Amaierako Lanean honi eustea erabaki zuen Ordokik.

Horretarako, «kanpo espazio ezberdinak aztertu eta ebaluatzeko irizpideak diseinatu eta hauek material natural eta berriztagarrien bitartez birplanteatzeko estrategiak emanen dira». Horretarako Euskal Herriko hainbat ikastetxetako kanpo espazioen eta horien erabileraren behaketa egiteaz gain, galdetegi zein elkarrizketen bitartez komunitatea osatzen duten eragileen iritzi eta ezagutza jasoko du.

 

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun