Zentral eolikoak eskualdean

[GUTUNA] Azkura ibilaldiaren ondotik, eskerronez

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 14a, 12:00

Makroproiektu eolikoen kontra igandean Azkua mendira egin zuten mendi martxaren harira, idatzi hau bidali dute Etxalarko Azkua Bizirik taldeko Iurgi Berrueta Iribar, Miren Olaetxea Indaburu eta Jasone Mitxeltorena Ozkaritzek TTIPI-TTAPAra. Esker oneko hitzak izan dituzte modu batera edo bertzera parte hartu zuten guztientzat.

Joan den irailaren 10ean Azkua kaskoan egindako ekitaldian tinko eta argi adierazi genuen gure mendiak bizirik nahi ditugula eta ez dugula inolaz ere onartuko interes arrotzek gure ingurua  hondatzerik; mezua ailegatu dadila behar duen tokira! 



Esker aunitz Azkura joandako guziei, aranztar, igantziar, etxalartar, eta nola ez, urrunagotik etorri eta gurekin Etxalartik ibilbidea oinez egitera animatu zineten malerrekarrei! 



Eskerrak eskualdeko hedabideei ere: Ttipi-Ttapa eta Xorroxin, gure mezua zabaltzen hain ongi laguntzen diguzuelako! 



Goraipamena igantziarrei, eta bereziki Ismaeli, talde guziak elkartzeko proposamena egin eta droneak antolatzeagatik; horien grabatzaileei ere bai! 

Eta nola ez, orain irudi horiek eurek hartutakoekin batean editatzen ari diren herritarrei (Jon Mitxeltorena eta Aimar Iparragirre)!



Aunitz estimatzen dugu ingurumen ezagutza gurekin banatu zenutenen ekarpena ere, gure inguruari eta dabiltzan hegaztiei buruz gehiago jakin ahal izan dugu.



Etxalartik oinez heldu ginenongatik Azkuko kaskoan esperoan egon izana sentitzen dugu; taldea harat ailegatzea uste baino gehiago luzatu zitzaigun (gure artean artzain trebeak bagenituen ere!). 



Gurekin bazkaltzera etorritakoak ere bereziki oroitzen zaituztegu, aranztarrak horietako aunitz: zuekin egindako irriak, emandako une goxoak, eta zuen eskerronezko hitzek bihotza ukitu ziguten!



Bazkari ederra egin genuen bertan prestatutako bildots-errearekin, eskerrak horretarako egun osoan lanean aritu ziren Usazale-lagunei, ohitura onak biziaraziz! 

Zuentzat eta artzainentzat eskerrik beroena, gure ingurua eta ohiturak zaintzeko egiten duzuen lanarengatik!



Eskerrik asko egun eder hau egin ahal izateko bildutako boluntario guzioi, zuek gabe ez litzateke posible izanen. Agur bero bat!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun