Zentral eolikoak eskualdean

Makroproiektu eolikoen kontra 130 bat lagun bildu dira Azkuko kaskoan

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 11a, 15:00

Zelena Renovable enpresa pribatuak Arantzako, Etxalarko, Igantziko eta Malerrekako lurretan egin nahi duen Azkua izeneko makroproiektu eolikoaren kontra, mendi martxa egin zuten atzo Azkua mendira. Etxalarko Azkua Bizirik taldeak antolatu zuen hitzordua, eta Arantza Bizirik, Igantzi Bizirik eta Malerreka Bizirik taldeetako kideek ekimenaren bat egin zuten.

Batzuk Etxalarko plazatik oinez, bertzeak Gorospil aldetik, bertze batzuk Igantziko Berrizaun auzotik... Eguerdia baino lehen Azkuko kaskoan bildu ziren herritarrak, Azkua makroproiektuari ezezko garbia emateko.

Etxalartarrek bidean geldialdiak egin zituzten bertako ondarearen inguruko azalpenak emateko, eta Malerreka Bizirik taldekoek ere etxalartarrekin egin zuten bidea. Aranztar gehienak Berrizaun auzotik oinez joan ziren Azkura eta bidean gainerako herritarrekin eta igantziarrekin elkartu ziren. Irudi batzuk hartu bidenabar, azken zatia elkarrekin egin zuten.

11:30 aldera denak Azkuan bildu ziren, antolatzaileen arabera, 130 bat lagun, eta dronearekin irudiak hartu zituzten. Ondotik, Mikel Etxaniz eta Leire Paz adituek hainbat azalpen eman zituzten, bertzeak bertze, eolikoen kokapenak zein izaten ahal diren esplikatuz.

Kaskoko ekitaldiaren ondotik, Nabarlan bazkaria egin zuten mendi ateraldian parte hartutako hainbat lagunek.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun