Ivan Muñozek eta Gabino Martinezek gidatutako Porschea gailendu da Lesakako XX. Rallysprintean

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 6a, 12:00
Ibilgailuek euripean egin behar izan zituzten larunbatean Agiñako errepideko harat-honatak.

Denera 72 ibilgailuk eman zuten izena eta Joseba Beola eta Joxelu Iratzokiren Peugeot 208a bigarren izan zen

Irailaren 2an, larunbat euritsuan egin zuten Ziharka Sport eskuderiak antolatutako Lesakako Rallysprintaren hogeigarren edizioa. Eguraldiak lagundu ez bazuen ere, 72 auto gidarik eta kopilotok eman zuten izena eta Agiñako errepide bazterrak ere motor zalez bete ziren. Sailkapen orokorrean, Ivan Muñozek eta Gabino Martinezek gidatutako Porsche 997 GT3 autoa izan zen bizkorrena. Lau txandak egiteko 26 minutu eta 9 segundo behar izan zituen. Bigarren sailkatu ziren Joseba Beola beratarra eta Joxelu Iratzoki igantziarra, Peugeot 208 Rally4 autoarekin (26.41). Daniel del Vlllar eta Mikel Arza hirugarren izan ziren (27.22), Peugeot 208 R2 autoarekin.

Kategoria bakoitzeko irabazleak

Klase bakoitzean hauek izan ziren irabazleak:

  • 1 klasean Unai Apezetxea eta Eneko Mitxelena (Citroen Saxo, 30.04)
  • 2 klasean Iker Askargorta eta Iñigo Galarza (Opel Astra, 30.31)
  • 3 klasean Daniel Del Villar eta Mikel Arza (Peugeot 208 R2)
  • 4 klasean Jon Erezuma eta Ignacio Fondado (Renault Clio)
  • 5 klasean Joseba Beola eta Joxelu Iratzoki (Peugeot 208 Rally4)
  • 6 klasean Ivan Muñoz eta Gabino Martinez (Porsche 997 GT3, 26.09)
  • 9 klasean Aratz Zarakondegi eta Koldo Ugalde (Ford Escort MKII, 28.19)
  • 10 klasean Julen Mendiberria eta Mairu Garisoain (BMW E36, 27.30)

 

Ziharka Sport eskuderiak bat egin du Lesakako udalaren salaketarekin

Ziharka Sport eskuderiak bat egin du larunbat gauean gertatutakoa eta gero Lesakako udalak egindako salaketarekin. Larunbateko proba eta eguneko bertze ekitaldiak antolatu zituen taldea den neurrian, Ziharka Sport eskuderiak «kalte hauek salatu nahi ditugu, gure herriari kalte bertzerik ez dio egiten eta gure irudia eta gure kirolarena zikindu bertzerik ez du egiten. Hau guztia sortzen duen jendea ez dugu gure inguruan nahi, ez gure herrian ezta gure probetan ere».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun