Larunbatean eginen dute Lesakako Rallysprintaren 20. edizioa

Ttipi-Ttapa 2023ko abu. 29a, 09:00

20. aldiz eginen dute larunbatean, irailaren 2an Lesakako Rallysprinta. Ziharka Sporteko antolatu du, eta parte hartzaileek 9,3 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute, NA-400 errepidean.

11:30ean itxiko dute errepidea eta ordu berean aurkeztuko dituzte lasterketan parte hartuko dituzten autoak frontoiko aparkalekuan. 12:30ean aterako da lehen parte hartzailea.

Lasterkez gain, arratsaldean, 16:00etatik 19:00etara haurrentzako puzgarriak antolatu dituzte Lesakako pilotalekuan. Lasterketa bukatu ondotik, Lesakako Plaza Zaharrean eginen dute sari banaketa eta ondotik, Elutxa txarangak alaituko ditu karrikak. 

21:30ean afari irekia izanen da Arranon eta  abuztuaren 30a baino lehen eman beharko da izena 687 95 70 83 zenbakira idatzita. Gauerditik aitzinera musika izanen da plazan Hago Isilik eta Oier Mendizabalen eskutik.

Probaren 20. urteurrena dela eta, antolatzaileek probaren inguruko erakusketa antolatu dute Harriondoa kultur etxean. Asteartetik ortziralera 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 18:30era ikusten ahalko da, eta larunbatean eta igandean 10:00etatik 14:00etara.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun