Bestak 2023

Alkaiagako bestak ospatuko dituzte asteburuan

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 20a, 13:00

Urtero bezala haurrentzako lasterketa eta helduentzakoa eginen dituzte.

Alkaiagako Santiago bestak ospatuko dituzte larunbatean eta igandean. Ohi bezala, Alkaiaga Trail lasterketa eginen dute besten lehen egunean.

Larunbat arratsaldean hasiko dituzte alkaiagarrek auzoko bestak. 17:00etan haurren lasterketa eginen dute eta 18:00etan, aldiz, helduen proba. Lasterketa bukatu ondotik, 20:00etan besten hasierako altxaferoa botatuko dute eta ordubete beranduago, 21:00ean afaria izanen dute, bokata jatea.

Biharamunean, uztailaren 23an goizean pilota partidak izanen dituzte 10:00etan frontoian. Ondotik, 13:00etan meza izanen da auzoaren goiko aldeko plazan, eta 14:30ean auzotarren bazkaria. Bazkalondoa Beñat Mitxelena akordeoilariak alaituko du, eta eguna bukatzeko auzotarren zumba saioa izanen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun