Duela 50 urte, 1973ko sanferminetan atera zen lehen aldiz Kalaxka peña. Ordurako, Basurde, Agiña, Egurra eta, urtebete lehenagotik, Irrintzi peña ateratzen ziren. 50. Urteurrena modu berezian ospatuko dute, bai sanferminetan, baina baita urte osoan egiten ari diren ekitaldien bidez ere. Kalaxkaren historiaren berri eman digute Kotte Iantzi, Joxe Antonio Ubiria eta Mari Carmen Igarzabal beteranoek eta gaur egungo egoeraren eta antolatutako ekitaldien berri Amaia Telletxeak, mende erdia bete duen peñaren belaunaldi berrien ordezkari.
Goitian ageri den argazkia da lehenbizikoa, historikoa, 1973koa. «San Fermin eguneko arratsaldean atera ginen. Orduan ez zen peñen eguna izaten, egunero zen peña eguna eta egunero ateratzen ginen blusarekin eta zurrakapotearekin. Edozein tenoretan jotzen genuen tanborrada, egunero, ez zen programaren beharrik. Mari Carmen Igarzabal eta bere lehengusina, Belen Elizalde, genituen soinulariak. Irrintzikoek bazuten bere astoa, Sabina, eta guk ere bagenuen gurea, Romeo. Esposatu ziren», dio Ubiriak. Izan ere, Irrintzikoekin «beti pike sanoa» izan dutela onartzen du Kotte Iantzik. «Beti irabazten zigutela erraten zuten, eta egia da, futbolean beti irabazten ziguten… behin, zerbaitetan irabazteko, karrera ziklista antolatu genuen, baina hura ere galdu genuen: lehenbiziko kurban, Julian Pilloti, erori egin zen. Nire anaia –Irrintzikoa bera– oroitzen da behin irabazi geniela bazkariren bat. Besta egiten bakarrik irabazten genien» dio Ubiriak.
«Beraiek beti formalagoak izan dira –aipatu digu Kotte Iantzik–. Ongi jantziak ateratzen ziren, astoa inpekable ateratzen zuten, bere galtza txuri eta blusarekin… Guk astoa igual kautzuekin ateratzen genuen, manta bat gainean, poltsa buruan…, desastre hutsa ginen».
Bi himno duen peña bakarra
Mari Carmen Igarzabalek himnoa ere bazutela gogoan du: «Pepito Iantzik peña guztiei egin zien, Basurderi, Egurrari, Irrintziri eta guri, nire lehengusina Belen eta niri, bere begitako ikasleak ginenez, ‘Lesakari’ pieza ezaguna egin eta eman zigun, kuadrillan jotzeko, eta gero, aparte, Kalaxkak ere badu bere himnoa».
Baina Kalaxkaren lanak ez ziren sanferminetara mugatzen: «Madalenetan Albisturko bestak antolatzen genituen… danborrak edo blusak erosteko ez genuen sosarik izaten eta dirua lortzeko ekitaldiak antolatzen genituen: San Antonera ibilaldi arautua, nesken eta mutilen arteko futbol partidua… urteren batean, sanferminetako asteburuan, trafikoa arautzen eta kotxeak aparkatzen laguntzen ere aritu ginen, eta udalak aurreztu zuen diru horrekin txaranga ekartzea eskatu genuen».
Lokala ere izan zuten, «Bordienea ondoan utzi zigun Joxean Lopez zenak… hura nolabait egokitu eta soziedade bezala erabili genuen, afari-berenduren bat egiteko eta musika bukatzen zenean harat joateko, hirutarako bukatzen zen musika eta argitu bitarte zerbait egin behar! Inaugurazio ofizialik ez genuen egin, baina ‘estraofiziala’ Franco hil zen egunean egin genuen, kristoren besta egin genuen. 20 kaxa xanpain erosita bat debalde eman ziguten. Kanpoan ezin zen bestarik egin noski, eta denak Kalaxkaren lokalean bukatu genuen. Ez zen xanpain aunitzik sobratu! Urte batzuk eman genituen bertan, azkenean dezente xamar zegoen, baina ez genuen erabiltzen. Gero nagusiak berreskuratu behar zuen eta 30.000 pezeta eskatu genion, han egindako obra eta pintura lanen truke. Diru hura euskaltegiari ematea erabaki genuen».
Hasierako aitzindari haien arrimuan, «seme-alabak eta kuadrillakoak ere sartzen ari gara Kalaxkan eta 50 bat gazte gaude whatsapp taldean» dio Amaia Telletxeak. «Peñen egunean 70-80 lagun elkartzen gara».
Urte hasieratik ospatzen
Aurten ere, 50. urteurrena ez dute peñen egunean bakarrik ospatuko. «Urte hasieratik ari gara –dio Amaia Telletxeak–. Sevillatik Salamancara bizikletaz joan ginen peñakide batzuk, Izabara irteera egin dugu… Sanferminetan, bezperan gosaria izanen dugu Alondegiko arkupean; Peñen egunean gosaldu, danborradan atera, argazki ofiziala atera, bazkaldu… eta gero libre!. Uztailaren 10ean poteo musikatua eta herri bazkaria. Abuztu-irailean e-Bikearekin tourra egin nahi dugu, urrian bodega eta abenduan Kalaxkako olentzeroa atera eta urtezaharreko ohiko gala-afaria».