ENAITZ TELLETXEA

«Hamasei pilotarik parte hartu dute Herriarteko txikian eta meritu handia du finalera ailegatzeak»

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 23a, 13:00
Enaitz Telletxea Berako Eztegara pilotalekuan, Bortziriak klubeko entrenamendu batean.

Enaitz Telletxea Sein, Bortziriak pilota elkarteko arduraduna

Bortziriak pilota elkarteko pilota eskolako arduraduna da Enaitz Telletxea Sein, 23 urteko igantziarra. «Duela bi urte pasatxo utzi nion pilotan jokatzeari, eskuko minarengatik, baina pilotaren ‘frikia’ naizela onartzen dut, bai afizionatuekin baita profesionalekin ere, beti gustatu zait saltsa hau eta Bortziriak klubarekin hasi nintzen, Jon Olaizolaren ordezkapena egiten hasi nintzen duela urte eta erdi edo entrenatzen hasi nintzen eta orain arte. Gero eta ardura gehiago hartu ditut nire gain». Beñat Condek eta Amaiur Goñik laguntzen diote ttikienekin, jokuak eginez eta Irantzu Etxebeste ere aritzen da astelehenetan. Zenbait gurasoren laguntza ere izaten du. Berako taldearekin Nafarroako herriarteko txapelketa txikiaren finalerako txartela lortu berritan eta Bortzirietako eskuz binakako XXII. Pilota txapelketaren finalaren atarian bildu gara berekin.

Joan den urtean bezala, Nafarroako Herriarteko txapelketa txikiaren finalerako txartela lortu du Berak, hainbat pilotariren parte-hartzearekin…

Herriarteko ttikiko hiru kategoriatan, benjamin, alebin eta infantiletan, denetara bortz herrietako hamasei pilotari aritu dira Bera ordezkatuz, jardunaldiz jardunaldi aldatzen joan direnak. Bertze herrietako emaitzen eta bikoteen arabera joan gara gure pilotariak sartzen, ez bakarrik maila handiena dutenak. Pilotari gehiagok parte hartzeko aukera izan dute.

Nolakoa izan du zuen ibilbidea herriartekoan?

Lehenbiziko fasean, gure taldeko lehenbizikoak izan ginen. Lehenbiziko jardunaldian Baztan hartu genuen Beran eta bagenekien hirugarren partida, infantilena, ez genuela irabazterik izanen seguru aski eta benjamin eta alebinetan bikote indartsu xamarrak paratu genituen eta 2-1 irabaztea lortu genuen. Bigarren jardunaldia Lesakan izan genuen. 3-0 irabazteko aukera genuen, baina gure helburua ez da hori, ahalik eta partidarik politenak jokatzea baizik, eta ez genuen bikoterik indartsuenak eraman. Halere 3-0 irabazi genuen. Agoitzen kontrako hirugarren jardunaldian, hirugarren partidan zalantzak genituen baina halere 3-0 irabazi genuen. Benjamin eta alebinetan hiru jardunalditan bikoteak aldatu genituen eta infantiletan ez, bi pilotari bakarrik ditugulako. Final laurdenetan ere 3-0 irabazi genuen ustekabean. Infantiletan ez genituen aurkariak ezagutzen, eta ezusteko polita eman zuten. Eta finalerdietan Doneztebe egokitu zitzaigun. Bagenekien giltza benjaminen lehenbiziko partida izanen zela. Infantiletan Doneztebek hagitz bikote indartsua da eta ezinezkoa ikusten genuen irabaztea; alebinetan ere bikote ona dute, baina Berakoa ere hagitz indartsua da eta ikusten nuen irabazteko aukera handiak genituela, nahiz eta gero galdu ere egiten ahal den. Lehenbiziko partida ere gogorra zen, baina irabaztea lortu genuen. Benjaminak eta alebinak irabazi zuten, beraz, eta horri esker finalean gaude.

Eta orain finala uztailaren 1ean Leitzaren kontra.

Bai, uztailaren 1ean, larunbat goizez jokatuko dugu Labriten, baina oraindik ez dakit ordua seguru. Esperantzarekin bagoaz. Lehengo urtean autobusa ateratzen saiatu ginen, baina pilotariek goiz xamar joan behar izaten dute frontoira eta gero eguerdian berandu xamar bukatzen da. Autobusarekin iskanbila handia izaten da eta aurten erabaki dugu kotxeak antolatzea, 3-4-5 furgoneta joan behar dira  Batzuk finala ikusi eta bertan bazkaltzeko plana eginen dute eta lana dugunok, bukatu bezain agudo bueltatuko gara.

Hori baino lehen, Bortzirietako eskuz binakako 22. Pilota txapelketaren finalak dituzue larunbatean Beran. Zenbat pilotarik parte hartu dute txapelketan?

Denera 65 bat pilotari. Bortz kategoriatan aritu dira, ttikitan zortzi bikote aritu dira, umeak B zazpi bikote, umeak A sei bikote, kimuak B zazpi bikote eta kimuak A bertze sei bikote. Finalen ondotik antolatzaileen eta pilotari ohien bazkaria ere eginen dugu Zalainen. Duela bederatzi urte Nafarroako eta Euskal Herriko herriartekoa irabazi zuten pilotariak ere gonbidatu ditugu eta sariak ere beraiek emanen dituzte.

Ikasturte bukaerako saio berezia ere egin duzue…

Asteazkenean egin genuen bai, ikasturteko despedida. Nik lanarengatik ezin izan nuen joan, baina laguntzaile dugun Beñat Conde eta guraso boluntario batzuen eskutik jokoak egin zituzten, pilota partidak eta gero berendua.

Bortzirietako pilotari guztiak elkartzen dituzue Beran?

Nire asmoa hori da, eta denek badute aukera hori, baina egia da oraindik Lesakan Arkupe pilotazale elkarteak lanean segitzen duela eta Igantzitik ere pilotari batzuk Lesakara joaten direla entrenatzera hurbiltasunagatik. Niretzat errazagoa litzateke denak batera entrenatzea, Beran, Lesakan, Igantzin, Arantzan edo Etxalarren, suertatzen den lekuan, eta pilotarien prestaketarako ere hobea iruditzen zait, bai hobetu nahi duenarentzat, baita, bertzerik gabe, pilotan arituz, ongi pasatu nahi dutenentzat. Momentuz ez da lortu.

Heldu den denboraldiari begira, aitzinetik izena emateko aldia ere ireki duzue.

Joan den urtean ehun haurrek izena eman zuten, ederra da, baina kudeatzeko zaila. Aurten, ikusteko zenbatsu izanen ditugun eta entrenamenduak antolatzeko, aitzinetik izena emateko epea ireki dugu, fisikoki kiroldegian edo Whatsapp bidez ere egin daitekeena, galdetegi baten bidez. Ideia bat egiteko izanen da eta behin betiko matrikulazioa abuztu hondarrean edo irailean hasiko da. Jendea izena ematera animatu nahi nuke, pilota probatzera. Gaur egun naizena ez nintzakeen izanen, ez banintzen pilotan aritu. Lagun aunitz egin ditut eta pribilejiatua sentitzen naiz. Nik bizitutakoa Bortzirietako haurrek ere bizitzea nahi nuke, ez da kirola hutsa, lagunartea ere bada.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun