Bestak 2023

Altzateko bestak ospatuko dituzte asteburuan Beran

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 15a, 10:00

Ortziralean hasi eta igandera bitarte ospatuko dituzte bestak. Larunbatean bestabusa izanen da Bortzirietako bertze herrietatik Berara joateko.

Ortziralean hasiko dira bestak 20:00etan botako duten txupinazoarekin. Ondotik, goxokiak botako dituzte eta txistulariekin, erraldoiekin eta buru haundiekin karrikabuelta eginen dute.

Larunbatean izanen du segida egitarauak Gure Txokoak antolaturiko Mendi Bizikleta Ibilaldiarekin. 09:30ean hasiko da eta bi ibilbide izanen dira aukeran: 32 kilometrokoa helduentzako eta 11koa haurrentzako. Ordu erdi beranduago, 10:00etan¡n plater tiraketa saioa eginen dute Lizuniagan. 

Eguerdian izanen du segida bestak Toki Onako patioko estalpean eginen duten zikiro jatearekin. Ondotik,18:00etan mutxikoak izanen dituzte Jeiki Hadi taldearekin eta dantza bukatzerako Bera kantari ibiliko da giroa alaitzen. Eguna bukatzeko, aldiz, zezen suzkoa ibiliko da Altzateko karriketan 22:00etan.

Igandean, 11:00etan meza nagusia izanen da Altzateko elizan. Ondotik, 12:00etan Gure Txokoa Dantza Taldeak emanaldia eginen du Merkatu plazan. Ondotik, erraldoiek karrikabuelta eginen dute Altzateko karriketan eta 12:30ean bertso poteoa eginen dute.

Irungo eta Berako bertsolariak ariko dira kantuan. Irundik Manu Goiogana, Jon Luzuriaga eta Aitor Errazkin eta Beratik Patxi Castillo eta Julen Zelaieta. Lixoian hasi eta Kataku, Bidaxka, Ikuilu, Xuga, Miljar eta Errekalde ostatuetan kantatuko dute.

17:00etan haurrentzako Kijotina handia kale antzerkia izanen da, 18:00etan kontzertua Uraldea karrikan eta bestak bukatzeko paella jatea izanen dituzte.

Larunbatean Bestabusa

Larunbatean Bortzirietako Gizarte Zerbitzuek antolatuta Bestabusa izanen dute Bortzirietako bertze herrietatik Berara joateko.

Autobus bat Arantzako aparkalekutik 20:45 eta 23:00etan abiatuko da,
Igantziko Bi-Bideko bidegurutzean 21:00etan eta 23:15ean pasatuko da eta Berako Toki Onara 21:15ean eta 23:30ean ailegatuko da. 

Etxalarko Landaburutik abiatuko da bertze autobusa 21:30ean eta 23:45ean, Lesakako suhiltzaileen aparkalekutik 21:45ean eta 00:00etan pasatuko da eta
 Berara 22:00etan eta 00:15ean ailegatuko da.

Itzultzeko ere Berako Toki Onan hartuko dira autobusak. Lesakara 03:30, 05:30, eta 07:15ean abiatuko da eta hamabortz minutuz ailegatuko da suhiltzaileen aparkalekura.


Etxalar, Igantzi eta Arantzara: 04:00etan eta 06:00etan hartuko da Euskaldunan eta Etxalar eta Igantzitik pasatuz, Arantzara ailegatuko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun