'10 Watt bakarrik' ikus-entzunezkoa aurkeztuko dute ortzirale honetan Arantzan

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 14a, 09:00

Arantzako irratiari buruz Oier Fuentes zinemagile beratarrak egin duen 10 watt bakarrik lana ikusteko aukera izanen da ortziralean Arantzan. Film laburra ikusteaz gain, Arantzako irratiari buruzko solasaldia antolatu dute.

Frankismo garaian, Nafarroan sortu ziren lehenbiziko euskarazko irratiak Beruetekoa (1955-1964) eta Arantzakoa izan ziren (1965-1968). Garai hartan Arantzan apaiz zegoen Esteban Irigoien baztandarrak 60.000 pezetaren truke, Berueteko ekipoa erosi zion Jose Manuel Lasarte Berueteko apaizari, eta Arantzan irratia paratu zuen martxan. Hainbat salaketa tarteko, emisioa geldiarazi egin zuten, baina Frankismo garaian euskarazko azken irratia izan zen.

Bada irrati horri buruz 19 minutuko film laburra egin du Oier Fuentesek eta ortzirale honetan, ekainaren 16an, 19:00etan Arantzako Baskulan ikusteko aukera izanen da Bortzirietako Euskara Mankomunitateari eta Arantzako Udalari esker. Filmaz gain, hainbat lagunek hartuko dute hitza: Maixepa Biurrarenak, Pepita Zapirainek, Mari Karmen Altzugaraik, Luzio Zugarramurdik eta Bizente Arozenak.

2009ko azaroan elkarrizketa egin zion TTIPI-TTAPAk Esteban Irigoieni eta orduko elkarrizketa irakurgai duzue hemen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun