«Elizako pulpituak ez zuen deus balio, irratiaren indarrarekin konparatuz»

ttipi-ttapa 2009ko aza. 24a, 13:00

Esteban Irigoien, Arantzan apaiz egondako berroetarra.

Frankismo garaian, Nafarroan sortu ziren lehenbiziko euskarazko irratiak Beruetekoa (1955-1964) eta Arantzakoa izan ziren (1965-1968). Garai hartan Arantzan apaiz zegoen Esteban Irigoien baztandarrak 60.000 pezetaren truke, Berueteko ekipoa erosi zion Jose Manuel Lasarte Berueteko apaizari, eta Arantzan irratia paratu zuen martxan. Baina hainbat salaketa tarteko, emisioa geldiarazi egin zuten. Orain, 85 urterekin, Nafarroako lehen irratien eragile izan zelako, Euskalerria Irratiak Larreko Saria eman dio.

Berueteko irratia erosi eta Arantzakoa paratu zenuen martxan...

Bai, hala izan zen. Baina horretarako Jabier Arburua apaiza nahitaezkoa izan zen. 1962an Arantzara joan nintzenerako han zegoen bera. Hango arazoak kontatu zizkidan eta zer egin pentsatzen hasi ginen. Nik adiskidea nuen Jose Manuel Lasarte, eta irratia saldu behar zuela erran zidanean, nik erosiko niola adierazi nion. Ez genuen dirurik, eta Jabier Arburuaren amak aitzineratu zigun. 60.000 pezetatan erosi genuen irratia eta aditu batek gailuak prestatu eta kanpandorrean neronek paratu nuen antena. Gerora Diputaziotik, Amadeo Markoren bidez, 60.000 pezeta lortu genituen eta Arburuaren amari bueltatu genion.

Hasiera gogorra izan zen?

Gogorra baino gehiago, ezezaguna. Ez genekien jendeak nola hartuko zuen. Baina gauzak ibiliz egiten da bidea, eta horrela hasi ginen. Herria elkartu nahi genuen, arazoari azala kendu eta larrugorritan paratu, zer pasatzen zen eta zer egin behar zen adieraziz. Horretarako hoberena irratia zen. Elizako pulpituak ez zuen deus balio, irratiaren indarrarekin konparatuz.

Nolako jendea zegoen orduan Arantzan?

Hasiera hartan, aunitzek ez zuten irratirik. Baina jendeari transistoreak Hendaian eta Baionan erosteko erran eta jendea animatzen hasi zen. Mendira ere transistoreak eramaten hasi ziren. Nonahi aditzen zuten!

Zer eskaintzen zenuten?

Goizero arrosarioa izaten zen eta ondotik, abisuak jakinarazten genituen. Herriko berriak ere ematen genituen, eta mendi mutilez ere aunitz oroitzen ginen. Munduko berriak, Elizako kontuak, kirola, musika... Denetarik izaten zen. Igandetan Meza Nagusia eskaintzen zen eta ondotik, hamar pezeta kobratuz kantuak eskatzeko tartea izaten zen. Jendeak kantuak eskatzen zituen eta ateratzen genuen diruarekin astelehenetan, Jabier Hendaiara eta Baionara joaten zen motorrarekin handik euskarazko diskoak ekartzeko. Gero irratian paratzen genituen.

Zer moduz hartu zuten aranztarrek irratia?

Jende xumearen artean izugarrizko arrakasta izan zuen, baina beti izaten dira haundixkoak... Eta aunitzetan salatu ninduten Iruñean, euskaraz egiten genuelako. Behin, Informazio eta Turismo Ministerioko ordezkari bat etorri zen Lesakatik, irratia ixtera. Irratirako idazten ari nintzela harrapatu ninduen, behin ere ez baikenituen memoriaz erraten gauzak, beti idatzita. Gure irratia debekatua zegoela erran zidan, baina  euskaraz egiten genuela konturatu zenean, segitzen utzi zigun. Accion Catolicakoak zirela erranez, bi polizia ere etorri ziren gerora. Material guztia delituzkoa zela, eurena zela eta eraman behar zutela erran zidaten. Eta nik ezetz, ez zela eurena. Aizkora hartu eta diskoak hautsi behar nituela hasi nintzen. Hori ez egiteko oihuka hasi ziren, eta itxiko nuela hitz emateko eskatu zidaten. Nik baietz erran nien, baina ez nuen itxi. Bi urte eta erdiren buruan berriz etorri zen Polizia, eta deus erran gabe, dena lakratu zidaten. Hantxe bukatu zen dena.

Pena hartuko zenuten itxitakoan, ezta?

Jendeak pena haundia hartu zuen, eta protestak egin ziren. Behar bazen irratia irekitzeko milioi bat paratuko zutela erranez ere etorri zitzaizkidan. Baina Iruñean eta Madrilen nola pentsatzen zuten banekien eta han utzi genuen dena. Nik ere pena hartu nuen, guretzat ez zegoelako halako pulpiturik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun